EH Bilduko legebiltzarkidea

Bizitzaren amaiera duinaren legeak, 10 urte

2026ko uztailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur, uztailak 8, hamar urte bete ditu EH Bilduk sustatu eta Gasteizko Legebiltzarrak onartu zuen lehenengo legeak, alegia, Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzko 11/2016 Legeak. 2014ko maiatzean aurkeztu genuen lege proposamena, eta bi urte luze pasa behar izan ziren hamaika eztabaidaren ostean legea adostu eta onartu ahal izateko.

Lege proposamena aurkeztu eta berehala antzeman ziren gai honek zenbait eremutan sortzen zituen arantzak eta beldurrak, nahiz eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zaintza aringarrien arloan ditugun erreferentziazko profesionalek laguntza handia eman zuten orduan egitasmoa baino ez zena aurrera ateratzeko, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea DHE-DMD elkartearen laguntza eta sostengua ahaztu gabe. Kostata, baina lortu genuen bizitzaren amaieran ere pertsonaren erabaki ahalmena erdigunean jartzea eta heriotza sistema sanitariotik harago doan prozesu gisa hartzea.

Zailtasunak zailtasun, lurzoru juridiko ona ezarri genuen, legean eutanasia edota suizidio lagundua jasotzea lortu ez bagenuen ere. Hamar urte pasatu dira, baina legebiltzarrak onartu zuen legea apenas garatu den. Bizitzaren amaiera duina ziurtatzeko, legeak herritar guztioi ematen dizkigun eskubideak ezagutzera ez emateaz gain, bizitzaren une zail horretan osasun eta gizarte zerbitzuetatik pazienteen zein familien zaintza ziurtatzeko bitartekoak, legez bermatu beharrekoak, oraindik ez daude guztiz garaturik. Gaur-gaurkoz, zainketa integralak jasotzeko eta non jaso hautatzeko eskubidea baldintzatua dago. Maiz, pazienteek etxean artatzea hautatu arren, konplexutasunaren arabera, familiek ez dute ez gaitasunik, ez bitartekorik, eta ospitaleetako geletara bideratzen dira, familiei ez zaizkielako bitartekoak eskaintzen zaintza integrala etxean ahalbidetzeko. Batzuetan hilabete luzeak ohe batera lotuta, bestelako espazioak eta zaintzak oraindik garatu gabe daudelako, nahiz eta profesionalek euren onena ematen duten.

Heriotzaz edota bizitzaren amaierako prozesuaz mintzatzen garenean, ez gara osasun arazo batez mintzatzen ari. Bizitzaren fase horrek trataera independentea merezi eta behar du, ikuspegi sanitario soil batetik ez ezik, ikuspegi sozial eta kultural batetik ere

Eta bien bitartean, legearen arabera bermatu beharreko bitartekoak martxan jarri ordez— adibidez, prozesu osoan zehar banakako gela bermatu beharra—, Osasun Sailak titulu errazak bilatzen ditu, tituluetan oinarritutako politika egiten du, legealdi honetan bereziki. Horren ondorio da, esaterako, oraindik zainketa pediatrikoen bitartekoen zain jarraitzea.

Legeak begirada zabaldu zuen. Bizitza amaiera oso inportantea da, baina azken hondarra izaten jarraitzen duela dirudi, agian ikuspegi sanitario hutsetik begiratzen jarraitzen dugulako, eta eremu sanitarioan begirada, batez ere, bizitzak salbatzean jartzen delako. Baina gaixotasunak bueltarik ez duenean, edo pazienteak tratamendu bat errefusatzen duenean, legeak jasotzen duen bezala ziurtatu behar dira zainketa aringarriak, ahalik eta sufrimendu gutxieneko edota sufrimendurik gabeko bizitza bermatzen ahalegintzeko, paziente bakoitzaren erabakiak oinarritu hartuta.

Gaur, Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoa izan arren, objektiboak dira herrialdeen arteko desberdintasunak eta horretan jarduten diren ekipoetan dauden profil anitzetako profesionalen gabeziak. Oraindik ere ez da ahalegin bat egin, Administrazioaren aldetik, herritarrei ezagutarazteko plan indibidualizatua egiteko eskubidea dutela. Arreta psikosoziala ez da garatu. Adinekoen egoitzetan legearen garapena nola egiten den ez dakigu. Ez dago ikerketa eta ebaluaziorik ere.

Funtsezkoa da begirada bizitzaren amaierako prozesuan jartzea. Izan ere, heriotzaz edota bizitzaren amaierako prozesuaz mintzatzen garenean, ez gara osasun arazo batez mintzatzen ari. Bizitzaren fase horrek trataera independentea merezi eta behar du, ikuspegi sanitario soil batetik ez ezik, ikuspegi sozial eta kultural batetik ere. Duela hamar urte onartu genuen legea garatzea oinarrizkoa litzateke horretarako, prozesu hori begirada soziosanitariotik lantzen behingoz hasteko. Horrek egun dugun sistema sanitarioa eraldatzen lagunduko luke bide batez, eta lagungarria litzateke, baita ere, legearen bigarren xedapen gehigarrian jasotzen zena betetzen hastea, alegia, bi urtetik behin legearen betetze maila ebaluatzea, hamar urte hauetan egin den ebaluazio bakarra 2019koa baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA