Nafarroako AHT Gelditu taldeko kideak

Desjabetzaren aurrean, AHTaren mafia borrokatu

Jesus Maria Etxarri Sotes, Beatriz Arana Ortiz eta Hodei Goñi Hernandez
2026ko otsailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hilabete batzuk, AHTaren aldeko plataforma bat eratu zen Nafarroan, Foru Komunitatean makroazpiegitura horren eraikuntza bizkortzeko. Haren helburu nagusia da Nafarroako zein Madrilgo gobernuen gaineko presio lobby gisa jardutea. Mafiak bezala, AHTaren aldeko plataforma da, gaur egun, Nafarroako AHTaren hariak itzaletik mugitzen dituena.

Honako hauek osatzen dute:

Institución Futuro: garuna. Aznarren FAESen tankerako think tank bat da, ideia ultraliberalen laborategia. Azken urteotan artilleria guztia erabili du Nafarroan AHTaren eraikuntza suspertzeko. Hartako kideen artean nabarmentzen dira ate birakarietan adituak diren politikariak, multinazionalen tokiko enpresa saltzaileak, multinazional handietako zuzendari zein kontseilariak, eta abar.

Nafarroako Enpresarien Konfederazioa: beso betearazlea. Patronalaren interesak zainduz, Nafarroako langileen interesen aurka dagoen erakundea. Haren praktika mafiosoak direla eta, historian zehar behin eta berriz salatu dute hainbat sindikatuk.

Merkataritza Ganbera: aparatu legala. Nafarroako botere elitearen funtsezko pertsonaia batek azken 34 urteetan etenik gabe zuzendurik.

Ingeniarien elkargoak: teknikari adituak. Ingeniarien elkargoek —batez ere Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak— oso rol garrantzitsua jokatu dute plataformaren sorreran.

Trama zibila: legitimatzaile sozialak. Plataforma atxikimendu-kanpaina bat bultzatzen ari da. Horren helburua AHTaren eraikuntza jendartean legitimatzea da. Atxikimendu horien artean, C.A. Osasuna, Irache Kontsumitzaileen Elkartea, UGT... nabarmentzen dira. Atxikimendu horiek modu antidemokratikoan egin dituzte zuzendaritza batzordeek, oinarrien iritzia kontuan hartu gabe.

Erakunde horiek Nafarroako enpresa eliteen interesak ordezkatzen dituzte; izan ere, aurrekaririk gabeko krisi ekosozial globalaren testuinguruan, ez dute zalantzarik izan beren onura ekonomikoa eta bezero sareak naturaren eta langile klasearen biz baldintzen gainetik jartzeko, azken hori gero eta kaltetuago dagoen arren bizitzaren garestitzearen, murrizketen eta pribatizazioen ondorioz. Era berean, badirudi bost axola zaiela AHTaren eraikuntzan izaten ari den muturreko lan esplotazioa, Euskal Herriko obretan hamahiru langileren heriotza eragin duena; ezta mantentze lan eskasagatiko estatuko sarearen segurtasun falta ere, Kordobako istripuan egiaztatu dena.

Elefante zuria azpiegitura alferrikakoak, suntsitzaileak eta inposatuak irudikatzen dituen nazioarteko ikurra da. Azpiegitura horiek, antzinako Thailandiako elefante zuriek bezala, mantentze gastu gehiago eragiten dituzte sortu beharko lituzketen balizko onurak baino, eta, ondorioz, ustezko onuradunak hondoratzen dituzte. AHTa Euskal Herriko elefante zuririk handiena da, 12.000 milioi eurotik gorako kostua duena, diru publikoaz finantzatuta. Xahuketa horrek enpresa mafiari eta nahi bezala maneiatutako klase politiko ustelari baino ez die mesede egiten.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako AHT Geldituk otsailaren 21ean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten du. 12:00etan abiatuko da Iruñeko Diputaziotik, honako lelopean: desjabetzaren aurrean, AHTaren mafia borrokatu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA