Lan osasunaren aldeko aktibista

Entzumenaren lesioak, iruzurra eta jarrera sindikala

2026ko apirilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zarataren aurkako eguna joan zaigu, lan osasunaren nazioarteko eguna ere bai, eta maiatzaren 1a iristear denez, merezi du lan osasunean ekintza sindikal espezifikoaren beharra aipatzea, laneko gaixotasunak estaltzearen aurkakoa, hain zuzen ere. Adibide argia da lanpostuaren gehiegizko zarataren ondorioz eman diren entzumen galeren estaltzea eta horren aurrean egon den sindikatuen erantzun falta. Sindikalistak ez badira inplikatzen gaixotasun hauen aitorpenean eta konpentsazioaren borrokan, ez dute konplexuagoak diren lesio eta gaixotasunekin ere egingo. 

Denbora luzean 80dB(A)tik goragoko zaratarekin lan egiteak isilpean kalte egiten dio langileon osasunari. Gorreria hautematen hasten duzunean, beranduegi da, ez baitago atzera egiterik. Asko da gorreriak eragiten duen gizarte isolamendua saihesteko beren aurrezkiak audifonoetan gastatzen dituen jendea. Ez bazara erretiratua, garaiz zaude oraindik laneko gaixotasuna erreklamatzeko, mutuak dagokizun kalte-ordaina ordaintzeko eta zuretzat egokiak diren audifonoak lortzeko. Ezin dugu kexaka ibili arazoa beste batzuek konpon dezaten. Sindikalismoak ekin egin behar du, audiometrien errebisioa sustatuz eta mutuen aurrean erreklamazioak eginez. 

Entzumen galerak zaratarekin lan egin duena urteetara hautematen du. Prebentzio zerbitzuko medikuek askoz lehenago hauteman dezakete mediku azterketen bitartez, baina isilik geratzea erabakitzen dute. Isilik geratuta ez dute 1299/2006 Errege Dekretua ez eta etika profesionala betetzen, lesio horren jatorriaren susmoa ez jakinarazteagatik. Hau bai prebentzio iruzurra! Sindikalismotik salatu beharra dagoena. 

Sindikatuetako buruek ahaztu egin dute klase sindikalismoaren zutabe estrategikoetako bat lan osasunaren borroka sindikala eta kalteen konpentsazioa direla

Zoritxarrez, ez prebentzioaren ordezkariak, ez sindikatuak, ez Osasun Agintaritzak, ez diete laneko mediku horiei prebentzio betebehar horrekin betetzea exijitzen, eta ez dituzte osasun praxi okerragatik salatzen. Gogoratzen dut 2005. urtea. Europako Segurtasun eta Osasun Agentziak laneko zarataren aurkako kanpaina egin zuen eta CCOOko Lan Osasun Arloari, ni neu nintzen garai hartan arduraduna, saria eman zigun milaka hipoakusia ikusarazteko egindako lanagatik, milaka izan ziren orduan aitortu ziren hipoakusiak eta horren ondorioz langileek jaso zituzten kalte-ordainak. Urte batzuk geroago, milaka hipoakusia aitortzen ziren bitartean, zerbitzu horietako hainbat medikuk presio sindikala salatu zuten Euskadin jasaten omen zuten salaketa-mehatxuagatik, horrek  hautemandako hipoakusien jatorriaren susmoa jakinaraztea behartzen zituelako. Mehatxuak legea betearazteagatik? Legea ez betetzeak prebentzio iruzurra eragiten du!

Gaixotasun eta lesioen jatorriaren susmoa jakinarazi eta gero milaka izan ziren Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak lan gaixotasun moduan aitortu zituen entzumen galerak, zegozkien kalte-ordainekin, epai judiziala egonda ere. Lesioek, beharbada, behera egin dute urte hauetan, baina oso presente daude oraindik ere hainbat sektoreetako langileengan. Arlo honetako ekintza sindikalak afiliazio hazkundea eragin zuen, lagun batek behin esan zidan moduan, «urrezko arrautzen oiloa».

Beharbada bestelako aparatu sindikalekin borroka egitea lehenetsi dute, abertzaletasunarekiko fobiarekin, nahiz eta beraiek nazionalismo atzerakoienaren mende egon, euskararen normalizazioa oztopatuz edo garai batean martxan jarri genuen sindikatuaren euskalduntze plana hiltzen utziz

Sindikalistek lan hau baztertu izana, lehentasun berriak izateagatik eta zaraten ondorioak jasaten ari diren langileekiko enpatia faltarengatik bakarrik justifikatu daiteke. Mutuek gorreria jasaten ari diren langileei kalte-ordainak ordaintzea, 1.450 eta 4.289 euro artekoak (Baliaezintasunik Gabeko Lesio Iraunkorren Baremoaren arabera, ISM/450/2023 Agindua), elkarrizketa-frekuentziak ukituta dituen pertsonak audifonoak eskuratu ahal izatea eta horren etorkizuneko mantenua egin ahal izatea eragiten du. Aitortutako lesioekin, Mutuek, presioa egiten diete enpresei prebentzioan inbertsioak egiteko. Argi uzten du horrek enpresen aldetik dagoen utzikeria arrisku higienikoen prebentzioan. 

Sindikatuetako buruek utzi egin dute azkenaldian lan sindikal hori. Beharbada egoera hau jasaten ari diren langileekiko enpatia faltagatik, ez baitira ekoizpen prozesutan, ez arriskupean, ez esplotaziopean egon. Argi dago ahaztu egin dutela klase sindikalismoaren zutabe estrategikoetako bat lan osasunaren borroka sindikala eta kalteen konpentsazioa direla. Beharbada ikuspuntu faltagatik izan da, bestelako aparatu sindikalekin borroka egitea lehenetsi dutelako, abertzaletasunarekiko fobiarekin, nahiz eta beraiek nazionalismo atzerakoienaren mende egon, euskararen normalizazioa oztopatuz edo garai batean martxan jarri genuen sindikatuaren euskalduntze plana hiltzen utziz. Oker dabiltza, zalantzarik gabe. Jardun horrek barne banaketa eta ordezkaritza sindikal galera besterik ez ditu eragingo. Hauteskunde sindikalak izango dira horren termometro on bat, nahiz eta oraindik zuzentzeko garaiz dauden. 

CCOOko kide zahar batek zioen moduan, «zapatero a tus zapatos», hau da, nor bereari. Ordezkari sindikalek ezin diote gaixo dagoen lankidea laguntzeari utzi, ez baitira bestelako agente batzuk izango lan hori egingo dutenak. Argi eta garbi geratu da historikoki lan osasunaren defentsara bideratutako ekintza sindikala dela horren babeserako tresnarik onena. Osasuna galtzen badugu, gutxieneko ongizatea galduko dugu ziur, eta erabili eta botatzeko objektu besterik ez gara izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA