Erantzun garaia gainditu, hezkuntza propioa eraikiz

2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ez gaitzatela engainatu: krisi ekonomiko batez baino gehiago, bizimodu oso baten krisiaz hitz egin beharrean gaude. Jendarte egitura oso baten krisia da, sistema oso baten krisia, bere topea aurkitu duena: eredu neoliberal-kapitalista-patriarkalaren krisia. Eta sistema horren iraupenean tematuta dauden horiek badituzte hainbat bitarteko.

Instituzioek bultzatutako sozializazioak, hain zuzen, pertsonak sistema konkretu batean barneratu eta egokitzen ditu. Horrela egiten dute Hezkuntza araututik ere, beste instituzio bat bezala hartuta; beraiek nahi bezala sozializatzen dituzte pertsonak, sistemaren beharretara egokituz, jendarte eredu horren arau eta betebeharrak barneratzeko. Sistema ekonomiko eta sozial hau sostengatzeko eta kontsumitzeko heziz, horrela hiritar berrien asimilazioa lortuz. Horrela, Hezkuntzak erreproduzitu eta transmititu egiten ditu gaur egun indarrean dagoen sistema patriarkal eta neoliberalaren balioak, horretarako merkatuak bideratuta, behar dituen mekanismoak martxan jarriz. Eta horri erantzuten diote azkenaldian izan ditugun inposaturiko hezkuntza erreforma, dekretu amaigabeak.

Baina XXI. mendeko hezkuntza beharrei heldu nahi badiegu, dugunetik ezin gaitezke abiatu. Esaldi batek ondo dio: «XX. mendeko irakasleekin gabiltza, XXI. mendeko ikasleei XIX. mendeko hezkuntza-erakundeetan irakasten saiatuz». Beraz, oinarrian hezkuntza nola ulertzen dugun dago. Zein dugu hezkuntzaren xedea?

Egoera berrietara egokitzeko,abian jarri beharra dago herri honen Hezkuntza Sistemaren beraren birdefinizio oso bat. Hezkuntza bere herritarren beharretara egokitzeko xedea izango duen hausnarketa orokor bat. Horretarako, oinarrizko ideia batetik abiatuko beharko ginateke: Hezkuntzak, sozializazio bitartekoa izateaz gain, eraldaketarako bitarteko bilakatu behar du.

Jendarte garatuago eta justuago bat lortu nahi badugu, hezkuntzak egungo errealitateari ikuspegi kritiko batetik so egin behar dio. Hezkuntzak herritarrei baliabideak eman behar dizkie, eta ez soilik egungo errealitatean ahalik eta hobekien moldatzeko beharrezkoak izango dituen baliabideak. Hezkuntza askatzaile batek, ezinbestean, jendartea aldatzeko proposamena dauka bere baitan, hezkuntzaren bidez jendarte bidezkoagoa eraiki daitekeen uste positiboa. Euskal Curriculumak, hain zuzen, hori du oinarri. Biharko jendarteaz ari gara, pertsona ororen eskubideak eta aukera berdintasuna bermatuko duen bidezko jendarteaz. Aukera berdintasuna garatzen duen jendartea lortzen lagundu beharko du, behar handiena duenari laguntza handiena eskainiz, ahalik eta jendarte kohesionatuena eta inklusiboena lortzeko bidean.

Horregatik, Hezkuntzak lehentasun sozial eta politikoa izan behar du, eta beharrezkoak dituen baliabide eta inbertsioak jaso behar ditu.

Identitatearen eraikuntzari arreta berezia eskaini beharko genioke Hezkuntzatik. Kontzienteki egiten den prozesu hezitzailea izan behar da. Errespetuzko pedagogia pertsonalizatua eta esanguratsua lagungarriak dira heziketa prozesuan, etorkizuneko herritarren garapen integrala lortzeko bidean. Heziguneek menpeko erlazioak baztertu, eta eskubide berdintasunaren balioa sustatu beharko lukete. Ikasle mota guztiak onartuz, eta haien integrazioa bultzatuz. Hezkuntza behar bereziak (fisikoa, psikikoa, egokitzekoa, hizkuntzakoa…) dituzten ikasleei era egokian erantzunez, ikasle bakoitzaren ikaskuntza-prozesua errespetatuz. Pedagogia ikertzailea eta zientifikoa bultzatuz, eskubide berdintasunaren balioa sustatuz, ikasleen behar afektiboa eta emozionala kontuan hartuz, helburu ikuspegi kritikoa duten herritar autonomoak lortuz…

Agerikoa da: ikasleekiko zenbat eta arreta indibidualizatuagoa izan, emaitzak hobeak dira. Horretarako, ratioak jaistea ezinbestekoa da. Zer esanik ez euskararen normalizazioa lortzeko bidean hezkuntzak egin dezakeen ekarpenaren bidetik. Egoera diglosiko baten aurrean, arreta berezia eskaini beharko diogu hizkuntza alorrari. Orain arte helburuak betetzen ez badira, nola egingo dugu ratioak handituz, taldea homogenizatuz, hezkuntza kalitatea txikituz? Euskaratik abiatutako den eleaniztasuna bultzatzeko, beharrezkoa da ikasleei arreta berezia eskaini eta egoera bakoitza aztertzea, eta ikaslearen garapenari begirako egokitzapenak egitea. Horretarako, euskalgintzatik azpimarratu, eta Kontseiluaren Ikasle Euskaldun Eleanitzak proposamenak biltzen duen bezala, ratioak jaistea jarraipen eta egokitzapen pertsonalizatuagoak egiteko berebizikoa dugu.

Hezkuntzaren unibertsalizazioan eta ekitatean eman diren pausoetan ezin dugu atzera egin; hezkuntza eskubide unibertsala dugu, eta, neurri horiekin, elite bakar batentzako soilik izango da berriro ere. Irakasleek lan baldintza egokiak izan behar dituzte beraien jardunean, haien eginkizuna funtsezkoa baita etorkizunean herri batek izango duen garapenerako. Kalitatezko hezkuntza batek ziurtatuko du etorkizunean herri batek, sistema oso batek krisirik ez izatea. Are gehiago, Hezkuntza jendarte osoaren betebeharra dela onartu behar dugu.

Hausnarketa horretatik abiatuta, modu kontzientean emanez ekin ahalko diogu bideari. Errotik aldatuz. Edo aldatuz baino gehiago, berria eraikiz. Sekula baino gehiago izan beharko du daukagun hori gainditzera bideratutako hezkuntza eredua.

Horretarako guztirako, Hezkuntza mugimendua Hezkuntza Sistema Propio baten alde artikulatu beharko litzateke. Horretarako, Hezkuntza Mugimenduaren atomizazioarekin amaitu eta batzen gaituenaren bidean pauso bateratuak eman beharko genituzke. Herri bezala erantzun eta eraiki behar dugu. Orain dugu unea. Ezinbestekoa dugu hezkuntza eredu propio bat sortu eta erantzun tinko eta bateratu bat ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.