Euskadi etengabe ari da aldatzen, eta egunero jabetzen gara horretaz gure kaleei begira, auzoetan barrena gabiltzala eta, batez ere, gure ikasgeletan. Gizartea ikaragarrizko eraldaketa bizitzen ari da, eta eraldaketa horiek ez dute etenik izango. Horregatik, hezkuntza-sistemak gai izan behar du horretara egokitu, eraldatu eta aurrera egiteko. Kontua ez da adabakiak jartzea. Aitzitik, gaur egun ditugun erronkei erantzungo dieten egiturazko eraldaketak bultzatzea dagokigu. Haur gutxiago ari da jaiotzen eta gizarte anitzagoa partekatzen dugu. Ikastetxea da diogun horren guztiaren ispilurik argiena: hantxe bizi dira elkarrekin errealitate ezberdinak, bizitza ezberdinen istorio askotarikoak elkarrengana gurutzatzen dira, eta guztiek dioskute erantzun kolektibo bat, ausarta eta partekatua behar dugula.
Erantzuna gure oinarri sendo batetik sortzen da: hezkuntza, oroz gain, giza eskubidea da. Haur bakoitzak egiten dituen lehen urratsetatik bihurtzen zaion bidelagun zuzena da eskola. Duintasunez hazi, ikasi eta bizitzeko aukera ematen dio eskolak. Eskolari buruz hitz egitea da berdintasunaz aritzea, bizikidetzaz, ongizateaz eta aukerez hitz egitea. Eta, batez ere, herrialde baten etorkizunaz hitz egitea da. Horregatik, etengabe egokitu eta hobetu behar dugu, autoexijentziarik handienarekin.
Horregatik jarri dugu abian Eskola Bikaina Denontzat. Herri-konpromisoa eratzeko, ikasturte honetan guztion artean forma emango diogun itun-mahaia, hain zuzen. Eskola bikaina, inklusiboa eta kohesionatua indartzeko apustu kolektiboa da. Bere ikasleei benetan lagunduko dien eskola bat. Pertsona bakoitzak, bere jatorria edo egoera edozein izanda ere, aurrera egin eta bere gaitasunak erabat garatu ahal izatea bermatuko duen eskola. Azken batean, Euskadiko ikasle guztiek hezkuntza-kalitaterik handiena eskuratu eta ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko aukera emango duena.
Eskolari buruz hitz egitea da berdintasunaz aritzea, bizikidetzaz, ongizateaz eta aukerez hitz egitea. Eta, batez ere, herrialde baten etorkizunaz hitz egitea da. Horregatik, etengabe egokitu eta hobetu behar dugu, autoexijentziarik handienarekin
Benetan jabetzen naiz aniztasuna dela ikasteko eta elkarrekin bizitzeko aukerak biderkatzen dituen aberastasuna. Tentsio batzuk eta erronka berriak ere sortzen ditu horrek. Hezkuntzak, funtsezko zerbitzu publiko den neurrian, erantzunak eman behar ditu, betiere gure herriaren ekitatea, inklusioa eta kohesioa bermatuz. Eskola Bikaina Denontzat ekimenak aukera hori indartzen du, eskola-segregazioaren erronkari erabakitasunez aurre egiten dio, eta hori islatzen da ekitatea, inklusioa zein eskola-eraginkortasuna bermatuko duten konpromisoetan. Ekitateaz hitz egitea gela inklusiboez hitz egitea ere bada, hau da, ikasle askotarikoak elkarrekin bizi diren ikasgelez aritzea, ikaskuntzak partekatu eta kohesioa eraikiz ghettoak saihesten dituzten gelez, hain zuzen.
Euskarak izan behar du gure komunitate plurala egituratzen duen hizkuntza, eta horregatik egokitu eta indartu behar ditugu gure hizkuntzara bideratutako baliabideak, indarberritze prozesuan jarrai dezagun eta, horrela, etorkizuneko euskal belaunaldien hizkuntza komuna izan dadin.
Egunero gure eskolarekiko konfiantza duten familietan jarrita daukat pentsamendua. Beren seme-alabak ongizatean eta kalitatezko ikaskuntza eskainiz zainduak izango diren ingurunean haztea nahi duten horiengan, hain zuzen. Beste leku batzuetatik etorri eta eskolan harrera eta berotasun gunea aurkitzen duten horiengan. Testuinguru zailetatik abiatzen diren ama eta aita horiengan; familia guztiek bezala euren seme-alabak ere aurrera egiten eta etorkizuna itxaropenez eraikitzen ikustea amesten duten guraso horiengan. Gure erantzukizuna da aniztasun hori ikasle guztientzako bizikidetza, kohesio eta etorkizuneko aukera bihurtzea.
Era berean, gure irakasleengan ere pentsatzen dut. Ikasle bakoitzari konpromisoz eta gertutasunez laguntzen dion horrengan, ikaslearen beharretara egokitu, eta ahalik eta laguntzarik onena eskaintzen dionarengan jarrita daukat arreta. Konpromiso horrek sostengua merezi du: gure betebeharra da irakasleei baliabideak ematea, prestakuntza eskaintzea eta ikasle guztiei ahalik eta kalitaterik handienarekin erantzuteko gaitasunetan eragitea. Ikasturte honi ekin diogu ikastetxeetarako baliabide gehiagorekin, eta, pixkanaka, laguntza-neurri berriak aplikatzen jarraituko dugu. Hori da Eskola Bikaina Denontzat proiektuarekin indartu nahi dugun eskola: kalitatez irakasten duen eta, aldi berean, benetan zaintzen duen eskola. Eskola bat bere ikasleei lagunduko diena eskuratzen gizartean parte hartzeko, beren bizi-proiektuak garatzeko eta pertsona aske gisa hazteko behar dituen ezagutzak zein gaitasunak.
Ikasturte hau izango da, eragile guztiekin batera, Eskola Bikaina Denontzat proiektuaren baitan garatu nahi ditugun ekintzak definitzeko denbora tartea. Era berean, dagoeneko martxan dauden eta gure sistemaren ekitatea, inklusioa eta eskola-eraginkortasuna indartzen duten beste ekintza batzuetan aurrera goaz. Itun hau ez da parentesi huts bat, ezta neurri iragankor bat ere: bide orri egonkorra da, argi luzeak jarrita pentsatua, gaurko erabakiek biharko eskola ere indartu dezaten bilatzen duena.
Prozesu horrek erantzukidetasuna eskatzen du. Hezkuntza-komunitate osoa dago parte hartzera deituta: irakasleak, familiak, ikastetxeak, erakundeak, elkarteak. Ahots aniztasuna aberastasuna da, eta sistemak behar dituen erantzunak entzute ariketa egitetik eta errespetutik soilik bideratu ahal izango ditugu elkarrekin. Eskola Bikaina Denontzat guztion onerako konpromisoaren ariketa kolektiboa da.
Joan den irailaren 8an egin genuen lehen urratsa Itunaren Mahaia eratzearekin batera. Egun horretan bide bat ireki genuen etorkizuneko Euskadiren eskolarentzat. Bide partekatu bat ikasleen ongizatea zainduko duen, ikasketetan lagunduko dion eta bere talentuak, ametsek nahiz ahaleginek uzten dioten bezain urrun iristeko aukera eskainiko dion eskola bat eratzeko. Batzen eta biderkatzen duen eskola, onartzen eta eraldatzen duena.
Erronka konplexua dugu, baina une egokian ekin diogun ziurtasuna daukagu. Eskola Bikaina Denontzat herri-ikuspegi partekatua da. Euskadi zaintzeko modurik onena bere eskola zaintzea dela sendoki uste dugunon konpromiso kolektiboa da
Horregatik, Eskola Bikaina Denontzat urrats erabakigarria da gure hezkuntza sistemarentzat. Prozesu parte-hartzaile ilusionagarria eta garrantzi handikoa da Euskadin. Ezberdintasunak mahai gainean jarri eta aurrera egiteko proposamen bihurtzen diren espazioa. Helburua argia da: gure sistemak hurrengo hamarkadetarako behar dituen eraldaketak bultzatzea; sistema justuagoa eta eraginkorragoa eratzea, baliabideak behar diren tokian dituena, tresna pedagogiko berrituekin, euskararekiko konpromiso sendoarekin eta ikasle guztien emaitzak hobetzearekin lotuta dagoena. Eta, batez ere, aniztasunean elkarrekin bizitzen ikasiko dugun sistema bat, ulertuz testuingurua aldatu egin dela eta, ekitatez kudeatzen eta antolatzen baldin badakigu, aniztasun hori aukera handia izan daitekeela eskola aberasteko eta gure gizartea indartzeko.
Erronka konplexua dugu, baina une egokian ekin diogun ziurtasuna daukagu. Eskola Bikaina Denontzat herri-ikuspegi partekatua da. Euskadi zaintzeko modurik onena bere eskola zaintzea dela sendoki uste dugunon konpromiso kolektiboa da, haur bakoitzari berdintasunean ikasteko, hazteko eta amets egiteko benetako aukera eskainiko diona. Hori da gizarte kohesionatuago, justuago eta gizatiarrago baterako bidea.