Ikertzailea

Eskolan ama hizkuntza: Galizian ez, Euskal Herrian bai

Xabier Irastortza Urbieta
2026ko irailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oihartzun handia sortu dute azken egunotan PISA azterketan izan diren emaitza kaskarrek, zeintzuetan nabarmen ikusi den ikasleek zientzietan, irakurmenean eta matematikan dituzten gaitasunetan beherakada handia izan dela. Horren harira, normala den moduan, eragile politikoek beherakada hori azaltzeko euren teoriak plazaratu dituzte. Horien artean, nire ikuspuntutik, deigarrienak D ereduaren eraginkortasuna zalantzan jartzen dutenak dira, hau da, ikasle askok euskara beraien ama hizkuntza ez dutenez, planteatu nahi izan da hizkuntza horrek, agian, ez duela balio azterketak neurtzen dituen gaitasunak lortzeko.

Datu eta justifikazio gutxiko hainbat adierazpen entzun ditut gai honi lotuta:

«Bakoitza bere ama hizkuntzan hobeto defendatzen da eta agian emaitza hobeagoak ateratzeko aukera dauka, orduan, ez dut esango hori birpentsatu edo goitik behera aldatu egin behar denik, baina alternatiba hori badago hor ajuste batzuk egiteko». [Eneko Andueza, irailaren 10ean, Gaur Egun ETBko saioan]

«Ikasteko modurik egokiena ama hizkuntza da, ezta? Nik uste dut hori elementu garrantzitsu bat dela, baina baita ere errespetatu egin behar dira pertsona horiek, familia horiek, beste ereduak aukeratzen dituztenak, ez direnak haien ama hizkuntzan, baina nik uste dut hori askatasunez egin behar dela». [Javier de Andres, irailaren 10ean, Gaur Egun saioan (itzulita)]

Adierazpen horiek ondo kokatzeko, uste dut garrantzitsua dela PISA azterketaren emaitzen historikoa ongi aztertzea, eta bertan ikusiko dugu nola, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, 2003. eta 2012. urteen artean, D ereduaren zabalkundea gertatzen ari zen bitartean, PISA azterketaren emaitzak hobetu edo mantendu egin zirela. Hortaz, ondoriozta daiteke euskaraz ikasteak kalte baino mesede egiten ziela emaitzei, jakinik, gainera, garai hartan euskararen ezagutza askoz baxuagoa zela gure gizartean.

Badirudi D eredua orain hasi dela ikasleen gaitasunak kaskartzen, martxan jarri eta handik 40 urte baino gehiagora.

Ingelesa, euskara bezala, ez bada ikasle gehienen ama hizkuntza, zergatik ez dute haren zabalkundea zalantzan jartzen euskara arazo gisa aurkezten duten eragile politikoek?

Horrekin lotuta, uste dut Galiziako hezkuntza sistemaren egoera oso presente eduki behar dugula Euskal Herrian, aipatutako eragile politikoen egiazko asmoak garbi ikusteko. Galiziako hezkuntza sisteman 2009. urtea mugarri garrantzitsua izan zen, urte horretan proposatu baitzuen De Andres jaunaren alderdiak, Alberto Nuñez Feijoo buru, Plurilinguismoaren Dekretua, 2010ean onartua. Lege horrek debekatu egiten du, Galizian, legez, Lehen Hezkuntzan matematika galegoz ematea, eta Bigarren Hezkuntzan, matematikaz gain, fisika eta kimika eta teknologia ere hizkuntza horretan ematea. Gainera, galegoz eman daitekeen gehienezko ikastordu kopurua ezartzen du: %50, nahiz eta normalean gutxiago izaten den, ingeles orduek tokia kenduta. Ikaslearen ama hizkuntzak edo bere gurasoen nahiak ez du axola: aipatutako ikasgaiak, legez, gaztelaniaz eman behar dira.

Egun, Galiziako politikan kezka iturri da galegoaren egoera inoiz baino zaurgarriagoa. Alarma guztiak piztu dituzte Galiziako Estatistika Institutuak 2023an argitaratutako datuek: ama hizkuntza gaztelania soilik duten haurren kopurua %12 hazi da azken 15 urteetan; %16 hazi da galiziera ez dakiten haurren kopurua, eta lehen aldiz, gaztelaniak erabilera sozial handiagoa du galegoak baino. Eragile sozial ugarik salatu dute Plurilinguismoaren Dekretuak galegoaren transmisioa ahultzea besterik ez duela lortu. Eta aurtengo PISA azterketak ere hala erakutsi du: inoizko emaitzarik txarrenak lortu dira bertan, irakurmenean 31 puntuko jaitsiera izanik eta zientzietan, 20 puntukoa. Alabaina, bertako gobernuak ez du planteatu, zenbait alderdik Euskal Herrian egin bezalaxe, galego askok euren ama hizkuntzan zientzietako ikasgaiak ikasteko duten debekuak eragina izan ote duen emaitza txarretan. Hau al da Euskal Herriarentzat nahi dutena?

Bestalde, komunikabideetan ez da zalantzan jarri ingelesak hezkuntza sisteman duen gero eta presentzia handiagoa, bai Euskal Herrian eta baita ere Galizian, bereziki eskola hirueledun delakoetan. Ingelesa, euskara bezala, ez bada ikasle gehienen ama hizkuntza, zergatik ez dute haren zabalkundea zalantzan jartzen euskara arazo gisa aurkezten duten eragile politikoek?

Esandako guztiagatik, argi dago zenbait eragile politiko PISA azterketan lortutako emaitza kaskarrak erabili nahian dabiltzala, kontraesanez beteta, euren helburu ideologikoak lortzeko: Galizian —eta iraganean gurean— egin bezala, hezkuntzan gaztelania ezarri, eta hala, euskara are gehiago gutxitu eta zokoratu. Bost axola zaie gurasoen askatasuna edo ikasleen ama hizkuntza.

Horregatik, gizarteak tentuz ibili beharko luke D eredua eta haren eraginkortasuna zalantzan jartzearekin, eta irmo erantzun beharko lieke eragile politiko hauen diskurtsoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA