Arartekoa

Euskadiren zerbitzura: ararteko iritsi berriaren gogoetak

Mikel Mancisidor
2026ko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete pasatxo bete dut karguan. Otsailaren 5ean zin egin nuen Eusko Legebiltzarrean, oraindik ere hunkitzen nauen esapide hau erabiliz: «Euskadiren zerbitzuan kargu hau hartzean zin egiten dut leialtasunez eta legeen arabera beteko ditudala karguko betebeharrak».

Kargua hartu ondoren, prentsaren aurrean aurkeztu nituen garrantzitsuak iruditzen zitzaizkidan ideia batzuk, baina gaurkotasuna dela eta, kazetariek hurbileko beste gauza batzuei buruz galdetu zidaten. Ziur aski, iritzi-artikulu bat bide egokiagoa izango da gogoeta haiek partekatzeko, eta horregatik berreskuratzen ditut hemen.

Bene-benetan eskertu diet beraien botoa legebiltzarkide guztiei, gure gizartearen aniztasuna ordezkatzen dutelako. Eta erantsi dudanez, «hemendik aurrera guztion arartekoa izan nahi dut, eta izango naiz». Legearekiko, erakunde eta talde politiko ororekiko leialtasun berarekin.

Denok erraldoien bizkarrean ibiltzen gara. Bidezkoa da beraz lehen egon zirenak gogoan izatea. Juan San Martin aitzindaria izan zen, bide-zabaltzailea; Xabier Markiegik erakundea sendotu zuen, bizitza eta demokrazia defendatzen; Mertxe Agundezek duintasun itzelaz eutsi zion erakundeari; Iñigo Lamarcak gizarte zibilera eta berdintasunera ireki zuen; Manu Lezertuak bultzada izugarria eman zion nazioartean; Ines Ibañez de Maeztuk buru egin du azken hilabeteotan, lekukoa pasatu didan arte. Faustino Lopez de Foronda ere aipatu behar dut, idazkari nagusia izan baita 35 urte. Horiengandik guztiengandik ikasi behar dut.

Lantalde bikaina eta ondoko aparta ditut agintaldiari aurre egiteko: denon giza eskubideak babesten; administrazioek ondo jarduten duten ikuskatzen; eta demokraziaren kalitatea sustatzen.

Uste izan dugu demokrazia eta zuzenbide-estatua behin betiko lorpenak zirela, baina gaur sinesgogor ikusten dugu nola hainbat tokitan egia eta datuak errespetatzea, giza eskubideak edo nazioarteko zuzenbidea bezalako idealek dar-dar egiten duten.

Demografia eta migrazio-errealitate berria gure gizartea sakon aldatzen ari da, eta egoera honek erronka eta aukera handiak dakarzkigu.

Gizon-emakumeen duintasuna babestea ingurune berrietan ere jokoan dago orain. Big Datak, adimen artifizialak eta neuroteknologiak aukera-leihoak zabaltzen dituzte, baina itzalak ere bai. Ziurtatu behar dugu berrikuntza edo aurrerapen zientifiko bakoitzak berdintasunean eta askatasunean aurrera egiteko balioko duela, ez daitezela izan menderatzeko edo diskriminatzeko tresnak.

Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean izenburuko txostenean, Arartekoak jakinarazi zuen Internet eragin handia izaten ari dela neska-mutil gazte eta nerabeen arteko berdintasunean. Sareek estereotipoak, desinformazioa eta emakumeen kontrako indarkeria digitala hedatzen dituzte. Teknologia horiek aurrerapenak geldiarazteko tresnak izan daitezen eragotzi behar da.

Segurtasunaren eta askatasunen arteko norgehiagoka saihestu behar dugu. Segurtasuna eta eskubideak elkarren osagarri dira: ez dago segurtasunik eskubiderik gabe, ez eskubiderik segurtasunik gabe. Ez dezagun utzi beldurrak askatasunak higatu ditzan. Baina, orobat, ez dezagun pentsa eskubideak segurtasunik gabe balia daitezkeela.

Gure erakundeak eragile aktiboa izan behar du erakundeetan konfiantza eraikitzen. Arrazoi-indarrezko magistratura garela dio legeak. Botere, ezaugarri eta baliabide propioak ditugu, gainerako erakundeek ez bezalakoak, eta horregatik osagarriak.

Ziurtatu behar dugu berrikuntza edo aurrerapen zientifiko bakoitzak berdintasunean eta askatasunean aurrera egiteko balioko duela, ez daitezela izan menderatzeko edo diskriminatzeko tresnak

Eskubideak eta betebeharrak dituzten herritarren zerbitzura gaude; 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak hauxe dio: «Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute». Eta gehitzen du: «Pertsona orok komunitatearekiko betebeharrak ere baditu, komunitatea baita bere nortasuna guztiz eta era askean garatzeko toki bakarra». Giza eskubideak denontzat dira eta, aldi berean, denon eta gutako bakoitzaren ardura dira.

Kalitateko demokraziak zorrotza izan behar du. Erronka, arazo eta eskaera gero eta handiagoen aurrean eremu publikoaren mugak ez neurtzea kaltegarria izan daiteke, desilusioa eragin dezake politikarekin eta demokrazia deslegitimatu. Populismoa, ondotxo dakigu, frustrazio horretatik elikatzen da. Horregatik, demokraziak onena lortzeko anbizioa du, eta, aldi berean, posiblearen erantzukizuna kudeatu behar du. Gure mugak zintzo onartuz bakarrik eraiki ahal izango dugu eremu publikoarekiko konfiantza hori.

Erakunde honen ezaugarri nagusia independentzia eta inpartzialtasuna da; baina horrek ez du esan nahi neutralak garenik. Independentzia eta inpartzialtasun horrek alderdi baten siglen edo interesen alde ez egitera behartzen gaitu, baina beharrezko egiten du giza eskubideen eta printzipio demokratikoen alde agertzea.

Euskadik sustrai sakoneko kultura du gai publikoetan elkarrekin parte hartzeko. Gizarte zibilak, hirugarren sektoreak, gizarte- eta kultura-mugimenduek, sindikatuek, hedabideek, hezkuntzak eta akademiak, kooperatibismoak edo enpresek lankidetza leial eta eraikitzailea izan dezakete denon onerako. Komunitatea esparru publifikatua baino askoz sakona eta aberatsagoa da. Eremu publikoa ez da mugatzen administrazio-, erakunde- edo gobernu-esparrura. Aipatutako eragile guztiek osatzen dute gure espazio publikoa eta gure erkidego demokratikoa. Publikoa den gauza oro indartu egiten da iturri askotatik edaten duenean eta energia eskuragarri guztiak batzen dituenean.

Itxaropena dut denok bata bestearekin leialak izango garela, gure herrialdean giza eskubideen, giza garapenaren eta kalitateko demokraziaren alde elkarrekin egin behar dugun lan horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA