Hautagai gazte abertzaleak

Gazteok herriarekin engaiaturik

Ainhoa Gorostiaga-Kleina Salaberry-Aitzol Gil de San Vicente
2026ko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herriko bozak ate joka ditugu. Hitzordu garrantzitsua izanen da Ipar Euskal Herriko gazteontzat, bizi garen herri eta lurraldean heldu diren sei urteetarako norabidea erabakiko baita. Gazteok Ipar Euskal Herriko hamaika dinamikatan mugitzen gara. Euskal Herrian duinki bizi, lan egin eta ikasi nahi dugu. Euskal Herriarekin eta bere geroarekin engaiatzen gara. Herriko bozetan, aukera dugu norabide horretan bultzatzeko, herriz herri alternatibak eraikitzen segitzen dugun bitartean. Gazteok ezin dugu besteen esku utzi gure bizitzen gaineko erabakiak hartzeko boterea. 

Anitzek lehen aldikotz bozkatuko dugu. Beste anitz izan gara aste hauetan herriz herri kanpainan inplikatu garenak, bilkuretan eta atez atekoetan parte hartu dugunak. Beste batzuek, berriz, ezkerreko abertzaleek parte hartzen duten gure herrietako zerrendetan joateko pausoa eman dugu lehen aldiz. 

Inguruari so eginez, egoera gogorra dugu parez pare. Eskuin muturra gure etxeetara sartu nahian dabil: lortu duen lekuetan eskuin muturreko zerrendak aurkeztu ditu; eta zenbaitetan, eskuineko beste zerrendetan integratu ditu bere kideak. Badira ere herritarren interesak ez baizik interes partikularrak lehenetsi dituzten hautetsiak. Lurren artifizializazioa eta espekulazioa hobetsi dute herritarrentzako laborantzarako lur edo naturaguneen gainetik. Finean, hori guzia herriko etxe anitzetan errotua den politika egiteko molde zaharraren beste adibide bat da.

Leihoak irekitzeko garaia da, herriko etxeetan politika egiteko beste molde bat eraikitzeko garaia da, politika gaztetzeko garaia da. Eta posible dela erakutsi dute azken urte andana hauetan, baina bereziki azken sei urteetan, herri anitzetan boterea lortu duten zerrenda ezkertiar eta abertzaleek. 

Politika egiteko beste modu bat bada, gazteak hautetsi eta axuant izatea errealitate bat izaten ahal da, erabakiak herritar guztien iritziak kontuan hartuz eta gardentasunez hartzea posible da. Herriko etxeek beren herritarren alde egin behar dute. Ez da utopia bat, aukera bat baizik. Eta ondoko herrira so egitea aski da usu egingarria dela ikusteko.

Herriko etxeek eta Euskal Hirigune Elkargoak gure lurraldearen alde egin behar dute, tokian-tokian euskararen aldeko politikak bultzatu, gure kultura sustatzeko baliabideak plantan eman eta gainerako euskal lurraldeekin zubiak eraiki

Gure inguruko zenbat gazte, gutako zenbat joan behar izan gara herritik? Ikasteko aukera eskasiagatik, ondotik lan eskasiagatik, eta berantago etxebizitza bat alokatu edo erosi ahal izateko ezintasunagatik? Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako hamaika herri gaztez husten dira belaunaldiz belaunaldi. Herriko etxeek gazteok herrian gelditzeko neurriak hartu behar dituzte lehenbailehen.

Inposatu nahi diguten garai ilun honetan, alta, etsipena ez da aukera bat. Aukera bestelakoa da: lurraldean erroturiko eskaintza abertzale, euskaltzale eta ezkertiarra eraikitzea. 

Alde batetik, herriko etxeek eta Euskal Hirigune Elkargoak gure lurraldearen alde egin behar dute, tokian-tokian euskararen aldeko politikak bultzatu, gure kultura sustatzeko baliabideak plantan eman eta gainerako euskal lurraldeekin zubiak eraiki. Bestetik, eskubide sozialak bermatu behar dituzte, eta baita gazteok gure herrietan bizi eta etorkizun duin bat izatea ere. 

Hau guztia egin ahal izateko garrantzitsua da Ipar Euskal Herriak erabakitzeko ahalmen handiagoa izatea eta politika horiek kudeatzeko eskumen gehiago izatea. Horregatik, Euskal Herriaren aitortzan eta burujabetzan urrats berri bat egin behar dugu, gazteon bozak balio dezala bide horretan aitzina egiteko! 

Hitzordu garrantzitsua dugu martxoaren 15ean eta 22an. Bi igande horietan bozkatzeko deia egin nahi diogu Ipar Euskal Herriko gazteriari. Baita, bozarekin batera, Ipar Euskal Herriko instituzioek eginen dutenaren gainean egotera eta eremu guztietatik aldaketak bultzatzera. Ipar Euskal Herriko erakundeek gazteentzako politikak egin behar dituzte, eta egunerokoan gazteon ahotsa kontuan hartzea galdegiten dugu. Gazterik gabe, Ipar Euskal Herriak ez du gerorik izanen. Horregatik engaiatu gara gu ere, gure lekutik ekarpena egiteko.

Herriko bozetan, gazte, bozka ezkertiar eta abertzale!

Sinatzaileak: Paul Moal (Aitzina Donapaleu), Kleina Salaberry (Ainiza Monjolosen Bizi), Urtzi Mihura (Azkaine Bai), Lukas Hiriart (Baiona Mugimenduan), Emma Tosini (Baiona Mugimenduan), Unaï Hourcade (Biarritz Berri), Patxi Phenglamphanh (Donibanen Bizi), Aitzol Gil de San Vicente (Hendaia Biltzen), Allende Prada (Hendaia Biltzen), Arantza Egiguren (Hendaia Biltzen), Amaia Etchelecou (Hemen Angelu), Eñaut Etchepareborde (Hemen Angelu), Oihana Makazaga (Hemen Angelu), Daia Harlouchet (Herri egin dezagun / Irisarri), Laida Etxeverri (Har Hitza / Sara), Jon Larronde (Herritarrekin / Hazparne), Kattin Dassance (Hiriburu Maita), Ainhoa Gorostiaga (Mintza Larresoro), Kima Hirigoien (Mintza Larresoro), Anna Pecastaing (Mintza Larresoro), Amaia Baltazar (Nahi Dugun Herria / Kanbo), Kenzo Dufaurd (Nahi Dugun Herria / Kanbo), Julien Linkemper (Nahi Dugun Herria / Kanbo), Mikel Clerc (Urruna Elgarrekin), Imanol Amestoy (Urruna Elgarrekin), Ugo Moulia (Uztaritze Bai), Antton Billiote (Ziburu Bizi 2026), Sylvain Ruiz (Ziburu Bizi 2026).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA