Asko gara ahoa bete hortz geratu garenak Eusko Jaurlaritzak Picassoren Gernika-ren mailegua eskatu duela jakin dugunean... nora eta Bilboko Guggenheim Museora ekartzeko. Alegia, museo pribatu batera, 18 euroko sarrera kobratzen duena; Euskal Herriko beste museoek ez bezala, astean doako egun edo egun-erdi bat ez duena, ezta bertako biztanleentzako deskonturik ere. Eta euskal arteari arreta oso gutxi eskaintzen diona.
Eskaera Urdaibaiko herri mugimenduarentzako zigor bat ote den pasatu zait burutik. Izan ere, aspalditik bada Gernikan pintura bertara eraman dadin eskatzen duen antolakunde bat, Guernica Gernikara. Jaurlaritzak bere indarra martxan jartzen badu koadroa mugitzeko, baina Gernikara beharrean Guggenheimera bidalteko, mezua ez al da Urdaibain Guggenheim bat egon balitz, bete izango zela artelana herrian jasotzearen nahia?
Hala ere, badaude artelana Guggenheimera eramateko beste arrazoi batzuk, eta asko esaten dute Jaurlaritzak artea ikusteko moduaz. Hasteko, lehenesten den publikoa atzerritarra da, ez euskalduna. Bestela balitz, margolana ez litzateke jendez gainezka egon ohi den eta 18 euro kobratzen dituen Bilboko museo batera ekarriko. Gernikako batzar etxean erakutsiko zen, adibidez, sarrera murritz baten truke ala doan. Gernika onura ekonomiko gisa planteatzen da, ez kultur lege berriak zaindu omen behar dituen euskaldunon kultur eskubide gisa, eta Guggenheimi oparitzen zaio onura hori.
Bestalde, Guggenheimekiko atxikimendu emozionala sortzeko nahia sumatzen da mugimenduaren atzean. Gernika sinbolismo handiko lana da guretzat, eta horrek Euskal Herrian ikusteko unea oso berezia egingo luke. Guggenheim ez da euskal jende askoren identitatean pisua duen leku bat. Hori alda daiteke Gernika bertan ikusten duten zenbaitentzat.
Azkenik, eskaerak Jaurlaritzak berak sustatzen dituen kultur erakunde publikoak zein mailatan uzten dituen argi geratzen da. Bilboko Arte Ederren Museoan diru publiko mordoa gastatu berri da erakusketa aretoak zabaldu eta arkitektura deigarria izan dezan, eta ekainean berrirekiko da. Gernika-ren maileguak operazioari amaiera bikaina emango zion, eta museo publiko batean egongo zen lana. Zeinen interesen alde jokatzen ari da Jaurlaritza, zergak ordaintzen ditugun herritarron alde, edo enpresa pribatu baten alde? Eta zein da artelana ekartzearen helburua, erreparazio historikoa, kultur eskubideen aldarrikapena ala negozioa?