Gertatu behar ez zuenaz

2026ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denek onartu dute Loiukoak ez zuela gertatu behar: Ertzaintzaren jokabidea oso basatia izan zela eta Mendebalde osora zabaldu diren irudi horiek euskal poliziari fama txarra eman diotela nazioartean.

Lehenik eta behin, zergatik joan zen Ertzaintza aireportura? Israeldarrek nahieran eta zigorgabeki jipoitutako flotillako ekintzaileen harrera eta errugbizaleen etorrera batera gertatu behar zirelako edo gerta zitezkeelako?

Errugbizaleek, hainbat futbol-talderen zale askok ez bezala, oso fama ona dute: ez dute istilurik sortzen; aitzitik, giro ona hedatzen dute dabiltzan tokian, igaro den asteburuan ere gertatu den bezala. Orduan, zergatik ez zen pentsatu gauzak hobeki joango zirela Ertzaintzaren presentziarik gabe? Beharbada, bidal zitezkeen pare bat ertzain kaleko jantzita, eta istiluak gertatuz gero agertuko ziren, ez? Behin baino gehiagotan egin dituzte gisa horretakoak poliziek, eta ertzainek ere bai, ezta?

Alabaina, guk ez genekiena zekiten ertzainek: ekintzaileetako bi etakide espetxeratuak izandakoak zirela eta horrek susmo txarra sortu zien eta horregatik erabaki zuten nonbait, barne sailburuak eman dituen azalpenak entzunda, aireportuan agertzea eta harrera beren erara kontrolatzea, eta berehala eskuetatik joanda, hortik etorri zen errepresio ekintza negargarriak burutzea. Irudiak ikusita, garbi ikusten da errezeloa, susmo txarra zegoela harrera-ekintza horrekiko, zeren ez baita inongo momentutan ikusten errugbizaleekin enkontrurik edo bat-egite gogaikarririk egon zenik. Susmo txar horrek ekarri zuen tentsioa ertzain eta ekintzaileen artean, eta berehala istilua, eta ertzainen justifikazio gabeko jipoi banaketa. Ertzainak ez ziren onean hurbildu ekintzaileengana, gauzak zuzen esplikatu eta modu onean bideratzera.

Istiluak prebenitzen, eta, gertatzean, baretzen ahaleginduko den Ertzaintza behar dugu, [...] bi hizkuntza ofizialetatik herritarrak berak nahi duen hizkuntzan, eta ez ertzainak nahi duenean mintzatuko zaiona, eta ez modu autoritarioan jokatzen duena eta istiluak, ez dauden lekuan, berak sortzen dituena

Baina gertatu behar ez zuenaren irudietatik begiak altxatu, eta sakonago begiratzen ahalegindurik, ikus liteke gertatu zenaren funts erreala historia hurbilean dagoela, sailburuak berak aitortu duenean, hots, ertzainak etakideekin eta EAJ-PSE-PPk ezker abertzalearekin izandako enfrentamendu gorrian. Hala da, ala aitzakia horretara jotzen da gauzak gaizki ateratzen direnean? Ez da ahaztu eta ez da ahaztu nahi, eta gauzak pixka bat okertzen direnean, berriro enfrentamendu hartara jotzen da egungo akatsak zuritze aldera?

Zergatik ez dira 2011. urtera arteko jokabideak bazter utzi nahi? Legitimazio politiko handia ematen zuelako erakunde armatuaren aurkako borrokak? Beste aldetik, badago enfrentamendura itzultzeko gurari bat? Hein batean egon daitekeela onarturik ere, Israelen jokabidearen aurka eta Palestina zanpatuaren aldeko elkartasun sentimendua oso nagusi den garai honetan, sailburuak berak ingelesez onartua hori ere, zer justifikazio zeukan aireportura susmo txarrez eta modu autoritarioan joan izanak?

Aurrekariak ikusita, eta irudiek diotena dioten arren, uste izatekoa da okerrago aterako direla flotillako ekintzaile bitan zigortuak ezen ez ertzain borra-erabiltzaileak. Arartekoak ere esku hartuko duenez, eta nazioartea ere begira egongo denez, gauzak beste justizia batekin burutuko direla pentsatu behar da?

Garbi dago denok gaudela historia hurbilaren eraginpean, baina sailburuak berak aitortu duenez, Loiukoak gertatu behar ez zuenez, inflexio puntu onuragarriaren atarian ote gaude, zeinaren ondorioak epe ertainera ikusiko ditugun?

Ertzaintza bera garai berrira egokitzetik has liteke, ezta? Istiluak prebenitzen, eta, gertatzean, baretzen ahaleginduko den Ertzaintza behar dugu herritarrok, herritarrari gizalegez hitz egingo diona —ez al dugu denon zergetatik ordaintzen?—, eta bi hizkuntza ofizialetatik herritarrak berak nahi duen hizkuntzan, eta ez ertzainak nahi duenean mintzatuko zaiona, eta ez modu autoritarioan jokatzen duena eta istiluak, ez dauden lekuan, berak sortzen dituena.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA