Haur eskolen etorkizuna eraikiz

Sonia Perez, Iban Albisu eta Ane Perez
2017ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Harriduraz irakurri ditugu sare pribatuetako patronalen eta EAJren bozeramaile bilakatu den Koldo Tellituren hitzak. Steilas sindikatua EAJri zuzendu zaio, zuzen-zuzenean. EAJren politikek Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna kolokan jarri dute. Horrela, egoera honen zergatiak mahai gainean jarri ditugu gure herrirako hezkuntza publiko integral baten defentsan. Eta jakina denez, eredu publikoak kolokan jartzen direnean, Euskal Herrian, beste edonon bezala, eredu pribatu baten aldeko apustua egiten delako da. Eta gure sindikatuak hori salatu du, eta horrelako politikak bultzatzen dituzten alderdi, patronalak eta erakundeak ez ditugu «bakean utziko». EAJren bozeramaile lanetan aritu nahi badu Tellitu jaunak eta doakotasuna, aukera berdintasuna eta langileentzako lan baldintza duinak defendatzen dugunon aurka horren defentsa sutsua egin, aurrera. Hala ere, ondo ulertu ez dutenentzat, hona hemen zenbait gogoeta.

EAJ-PSE Gobernu honek ez du Haurreskola Partzuergoaren aldeko apusturik egin. Haur eskola batzuk itxi dira eta matrikulazio hori pribatuak jaso du. Beste Haurreskola asko ixtear daude. Matrikulazio beherakada azken urtetan %20koa izan da eta 130 langile gutxiago daude lanean sare publikoko Haurreskoletan. Horren arrazoi nagusia haurreskola publikoen prezioa da, izugarri garestia honelako zerbitzu publikorako (gehienetan 208 euro hileko gehi beste 90 matrikulatzeagatik). Legez subsidiario izan beharko lukeen sare pribatuak (publikoaren osagarri), de facto lehentasun osoa hartu du Hezkuntza Sailaren politikak lagunduta. Mingarriak izan ziren Josu Erkorekaren hitzak Haurreskola Pribatua sare publikoa “osatzeko” finantzatzen direla esan zuenean. Gezur borobila baita. Ehunka plaza libre daude Haurreskola publiko askotan, eta ulergaitza da hori horrela izanda honelako dirutza bideratzea sare pribatura, "osagarria" izan beharko lukeen sarera.

Aurrekontuen murrizketak sare publiko zein pribatuan eragin bera izan duela esatea gezur borobila da, iraingarria. Ez gara datuetan korapilatuko, baina hau Eusko Jaurlaritzak berak onartutako datu objektiboa da. Hezkuntzan egin diren murrizketak sare publikoak hartu ditu nagusiki bere gain. Sare pribatuaren finantzaketa igo egin da. Tellituk irakurketa interesatua egiten du finantzaketaren inguruko datuak ematen dituenean. Irakaskuntza pribatuan Haur Hezkuntzako gela horiek ikastetxean egoten dira integratuak eta, beraz, finantzaketa ikuspegi globalago batetik begiratu behar da. Ikastetxe pribatuek orotara, askoz diru gehiago dute.

Steilasen etxeko lanak eginak ditugu. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren programek (Hezkuntza Sailaren aurrekontuen %77,5) 2009tik hona izandako garapena esanguratsua da: 2017an 2009an baino % 0,4ko igoera egon da hezkuntzarako partidetan. 2009tik gaur arte unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan 8,2 milioi gehiago badaude ere, Itundutako sarearen finantzaketa 41,7 milioi igo da denbora tarte berean. Horren ondorioz, sare publikora 33,5 milioi euro gutxiago bideratu dira. Dagoena gutxi izateaz gain, banaketa bera ere guztiz bidegabea da. Haurreskola Partzuergoari dagokionez, diru partidak handitu dira, bai, haurreskola berriak egin direlako hiriburu edo herri handietan. Hala ere, zenbaki osoetan matrikulazioak %20 egin du behera eskola hauetan.

Segregazioa eta sareen arteko indize sozioekonomikoen aldea areagotu da. Bi hezkuntza sistema paralelo ditugu. Bata klase ertain altuentzat eta bestea klase ertain eta baxuentzat. Datu objektibo eta neurgarriek baieztatzen dute. Hitzez bai (kontrakoa esatea ikaragarria litzatekeelako), egoera honi buelta emateko prest daude, baina ekintzez segregazio egoerak indartzen laguntzen ari dira sare pribatuko ikastetxeak zein administrazioa. 0-3 etapako matrikulazioa gako nagusietakoa da egoera honetan.

Errealitatea gordina da. Haur eskola publiko asko desagertzear daude, ez eskaririk ez dutelako, zerbitzua pribatizatzen ari delako baizik. Ezaguna da sare pribatuaren konpetentzia desleiala: kuota merkeagoak kasu askotan, ikastetxean bertan ibilbidea bermatuta izatea, matrikulazioa...

Ez dugu inor suntsitu nahi, gure herrirako zerbitzu publiko indartsuak defendatu nahi ditugu. Oraingoan Haur Hezkuntzako lehen zikloaz aritu gara. Haur eskola publikoak eta Haur Eskola Publikoko langileen lan baldintzak bermatu eta hobetu nahi ditugu etorkizunera begira. Badakigu erakunde asko aurrez aurre izango ditugula, interes eta proiektu propioen defentsan interes eta eskubide kolektiboen gainetik igarotzeko prest dauden erakundeak. Baina Euskal Herri osorako zerbitzu publikoen defentsan Steilas ez dago bakarrik. Akordio zabalen parte gara. Euskal Herri osoko eragile ezberdinen artean inoiz egon den adostasun nagusienari heltzen diogu oraingoan ere (140 erakunde eta eragilek sinatua), Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartari, alegia: «0-3 urte tartean eta gainontzeko hezkuntza-etapetan (unibertsitatea barne) eskatzen diren plaza guztiak sare publikoan estaltzea, doan». Horra hor zer nahi dugun guk eta herri honen etorkizun justuagoa nahi duten beste askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.