Martxoaren 9an eta 10ean, Bilbo topagune paregabe bihurtu zen hezkuntzak gizartea eraldatzeko duen indarrean sinesten dugun guztiontzat. Hezkuntza Ebaluazioari buruzko Nazioarteko Kongresuan, ia mila profesional elkartu ginen esperientziak, ikerketak eta gogoetak partekatzeko helburu bakarrarekin: gure ikasleek nola ikasten duten hobeto ulertzea, eta horrela, eraikitzen ari diren bidean laguntzea.
Kongresua antolatzerakoan helburu garbia genuen: Euskadi ebaluazioaren arloan egiten ari den bidea erakustea eta, aldi berean, munduko beste ikuspegi eta jakintzak entzuteko ateak irekitzea. Barrura begiratzeko ardura eta kanpora begiratzeko jakin-mina uztartzen direnean, hezkuntza-sistemak aurrera egiten du.
Gaur argi dugu: ebaluazioak zentrala izan behar du hobekuntza-prozesuan. Ez edozein ebaluaziok, ordea; ikasleen ikaskuntza ez ezik, ikastetxeen dinamika eta sistema gidatzen duten politikak ere jasotzen dituen ebaluazioak ardatz behar du izan. Ezagutzeko eta elkarrekin hobetzeko balio duen ebaluazioak.
Horregatik, gure eredu propioa eraiki nahi dugu. Gure hezkuntza-ikuskeraren isla izango den eredua: elkarlanean oinarritua, zintzoa, exijentziaz betea eta ekitatearekiko konpromiso sakona duena. Ebaluazioa helburu bat izateaz gain, aurrera egiteko tresna izatea nahi dugu; ikasteko, elkarrizketarako eta eraldaketarako palanka.
Kongresuak mezu indartsu bat utzi zigun: ondo ebaluatzeak errealitateak alda ditzake. Atzeraelikadura egokiak ikasleen aurrerapena bizkortzen du; eskala handiko ebaluazioek inspirazio iturri diren praktikak identifikatzen dituzte, baita testuinguru konplexuenetan ere. Zerk funtzionatzen duen —eta zergatik— jakiteak sistema aberasten laguntzen du.
Gure eredu propioa eraiki nahi dugu. Gure hezkuntza-ikuskeraren isla izango den eredua: elkarlanean oinarritua, zintzoa, exijentziaz betea eta ekitatearekiko konpromiso sakona duena
Baina ondo ebaluatzeak sentiberatasuna eta begirada zabalagoa eskatzen du. Gure geletan dagoen aniztasunari erreparatu eta erantzun bidezkoak eman behar dizkiogu. Hala, ebaluazioa bide bat izan daiteke ekitaterantz: beharrak detektatzeko, baliabideak bideratzeko eta laguntza egokiagoa emateko.
Teknologiak, gainera, tentsio eta begirada berriak zabaltzen ditu. Pentsamendu kritikoa, sormena, gaitasun etikoa eta inklusio digitala bezalako konpetentzia giltzarrien balorazioan aurrerapauso ausartak ematea ahalbidetzen digu. Erronka da, bai, baina aukera ere bada: gure ebaluazio-sistemak mundu aldakor batera egokitzea.
Ikaskuntza ebaluatzea konplexua da, baina aukera zirraragarria ere bai. Datu bakoitzak, ebidentzia bakoitzak, emaitza bakoitzak ikasleek nola pentsatzen, sentitzen eta aurreratzen duten hobeto ulertzen laguntzen digute. Ulermen horrek eramaten gaitu irakaskuntza bidezkoago, humanoago eta eraginkorrago batera.
Euskadin bide sendoa egiten jarraitu nahi dugu. Gure hezkuntza-sistema hobeto ezagutzeko eta hobetzeko aukera emango digun ebaluazio-markoa ari gara garatzen. Horretarako, adituen begirada independentea dugu lagun: tresnak hobetzeko, emaitzak interpretatzeko eta erabakiak sendoago hartzeko.
Ezagutzaren balioan sinesten dugu. Ebidentziaren indarrean sinesten dugu. Barrutik, zintzotasunez eta itxaropenez eraikitzen den hezkuntzan sinesten dugu. Horregatik kokatzen dugu ebaluazioa erdigunean: erabaki orekatuagoak hartzeko, esperientzietatik ikasteko eta etorkizunerako sistema sendoago eta bidezkoagoa eraikitzeko.
Hezkuntza hobetzea ausardia da, gogoeta da, eta aldatu nahi izateko borondatea. Geure buruari determinazioz begiratzea eta etengabe ikastea eskatzen du. Euskadin bide hori egin nahi dugu: benetako ebaluazio-kultura bat eraiki, ikasleen, irakasleen eta profesional guztien ikaskuntza hobetzeko eta gure sistemaren ekitatea eta bikaintasuna indartzeko.
Eta ibilbide hori guztion artean egiten dugu. Gelatan hasten da, baina bere eragina urrunago heltzen da. Hezkuntzaren bihotzera, gure komunitatera, gure etorkizunera.