Ikasten irakastea eta irakasten ikastea

Cristina Uriarte
2015eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Euskadiko Eskola Kontseiluaren 25. urteurrenean berriki egiaztatu ahal izan dugun bezala, gazteek eurek ikusarazten digute zeinen garrantzizkoa den hezkuntza gaitasunen arabera sustatzea eta bestelako hezkuntza bat bultzatzea, ohiko metodologia ez dadin izan azterketa bat gainditzearren gaia buruz ikastean oinarritutakoa. Duela gutxi arte, hezkuntza-gaitasunari buruzko kontzeptuaz teorizatu baino ez zen egin; hortik aurrera, ezer gutxi. Ba iritsi da teoriatik praktikara pasatzeko ordua. Prestakuntzak etorkizunari aurre egiten lagundu behar die gure gazteei; bermeekin aurre egiten, gainera. Eta horretan ari gara.

Funtsean azterketak gainditzeko xedea zuen irakasbide-tradizio bat gainditzea da kontua, eta bestelako irakaskuntza bat zabaltzea; irakaskuntza antolatzeko beste modu bati heltzea, alegia. Aurrerapena jakintzara zuzentzeak hezkuntza etengabe erronka pertsonal, sozial, teknologiko eta zientifiko berrietara egokitzea esan nahi du. Gazteek erronka horiei aurre egin diezaieten eta pertsona gisa eraiki daitezen, hezkuntza-politikak haien gaitasun pertsonalak garatu behar ditu, kalitatezko oinarrizko hezkuntza baten bidez. Hori egitean, ikasleen erritmo eta ezaugarri desberdinekiko erabateko errespetuaren aldeko apustu argi eta garbia egiten da.

«Ezagutzen ikasteko, egiten ikasteko, elkarrekin bizitzen ikasteko eta izaten ikasteko» beharra daukagu. Gure gazteek komunikazio linguistikoan, gaitasun digitalean eta espiritu ekintzailean sakondu behar dute. Gai eta eduki horiek une oro izan behar dira kontuan, matematikak edo zientziak lantzen diren bitartean. Baina, hori guztia zertarako? Ikasleei pertsona gisa prestatzen laguntzeko eta ikasketak amaitzen dituztenerako aurrez finkatutako helburuak betetzeko. Zehaztu dezagun zer nahi dugun gure gazteentzat, eta jar ditzagun helduaroan bizitzari aurre egiteko beharko duten maila edo profila izateko beharko dituzten tresnak. Horretarako, beharrezkoa da ikasleek Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza amaitzerako —hezkuntza-xedeak betetzeko eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan moldatzeko prest egon daitezen— lortu behar dituzten oinarrizko gaitasunak definitzea.

Ikuspuntu horretatik, aipatutako alderdiak kontuan izanda, eta zuzentzen dudan Sailak azken urteetan egindako bideari jarraipena ematearren, Heziberri 2020 Plana jarri genuen abian 2013-2014 ikasturtearen hasieran; irismen handiko proiektua. Heziberri 2020 Planean, proiektu osagarri hauek garatuko ditugu: lehenik eta behin: «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparrua» landu eta adostea. Lan hori egina dago jada. Bigarrenik: Euskal Autonomia Erkidegoko curriculumak ezartzen dituzten dekretuak osatu eta adostea. Horretan ari gara. Eta, hirugarrenik: Hezkuntzari buruzko Euskal Lege bateranzko pausoak ematea.

Ibilbide luze eta emankorra duten hezkuntza-esperientzia ugaritatik abiatu gara, eta lagungarriak gertatu zaizkigu hezkuntza-komunitateak partekatzen duen kultura pedagogikoa eraikitzeko. Ibilbide horretako mugarri garrantzitsuenetako bat Euskal Curriculumaren proiektua izan da; hezkuntzako, gizarteko eta politikako agenteen baterako ekimena. Hasiera-hasieratik esan dugun bezala, Gobernu honek euskal hezkuntza-sistema etengabe hobetzea du helburu, eta xede horretara bideratuko ditu bere ahaleginak, hezkuntza-agenteen arteko adostasunean oinarrituta, egonkortasunean, eta gorabehera politikoetatik salbu. Heziberri 2020 Planak soildu egin nahi du bide hori, bere bideragarritasuna eta segurtasun juridikoa ziurtatuta.

Ezin uka LOMCEk eragina izan duela proiektuaren fase berri honetan, baina, lehen ere askotan esan dugun bezala, gure balio nagusietako bat hezkuntza-komunitateko sektoreen arteko lankidetza da. Beste behin ere, agerian gelditzen ari da hori. Eusko Jaurlaritzan, inoiz egin gabeko partaidetza-prozesu bat sustatu nahi izan du. Debatea irekitzeko erabakia hartu genuen, eta ez zen batere erabaki okerra izan, uste osoa baitut partaidetzak eta elkarrizketa eraikitzaileak adostasuna ekartzen dutela. Lehenengo aldiz, hezkuntzako, gizarteko eta politikako agenteek curriculum-dekretu bat lantzeko eginkizunean parte hartzeko aukera izan dute. Pertsona asko ari dira curriculum horren edukia definitzen laguntzen eta edukiaren definizio horretan parte hartzen. Ia hezkuntza-komunitate osoa ari da curriculum berriak egiteko jardueran Gobernuarekin parte hartzen, zuzenean. Horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, publikoki, gure hezkuntza-sistema etengabe hobetzearren egin dituzten ehunka proposamen eta ekarpenengatik, eskainitako denborarengatik eta egindako ahaleginarengatik.

Hemendik gutxira, haur hezkuntzako eta oinarrizko hezkuntzako curriculumen bigarren zirriborroa bidaliko diegu hezkuntzako agenteei, eta, hortik pixka batera, behin betiko dokumentua aurkeztuko dugu. Partaidetzan oinarritutako dokumentua izango da, beraz, eta horrek balio handia du. Horrez gain, Hezkuntzari buruzko Euskal Lege berriranzko aurretiazko pausoa izango da, eta zalantzarik gabeko erreferentziak izango dira adostasuna, lankidetza eta elkarlana. Erronka kolektibo baten aurrean gaude. Lan gogorra izango da, baina beharrezkoa eta zirraragarria, nolanahi ere. Eta on egingo dio gure gizarteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.