Xabier Makazaga.
Estatu terrorismoaren ikertzailea

Injustiziarik larriena: eragindako mina ukatzea

2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egiarik gabe biktimek ezin dutenez ez justiziarik ez erreparaziorik jaso, biktima bati egin dakiokeen injustiziarik larriena egia ukatzea da, eragindako mina ukatzea. Horregatik, bake prozesu guztietan egiari ematen zaio erabateko lehentasuna, eta oinarrizko exijentzia beti izaten da eragindako min guztia onartzea.

Horrela izan da beti, baina hara non Euskal Herriko kasuan agintariek erabaki zuten beste zerbaiti ematea erabateko lehentasuna. Geroztik, hor dabiltza Ezker Abertzaleari behin eta berriro exijituz onar dezala ETAk eragindako min guzti-guztia, frankismo garaikoa barne, injustua izan zela. Hau da, Ezker Abertzaleari exijitzen diotena, azken batean, bere iraganaz damutzea da.

Hala jokatzen ari direnek diote biktima bati egin dakiokeen injustiziarik larriena eragindako mina justifikatzea dela, baina begi bistakoa iruditzen zait ukatzea larriagoa dela justifikatzea baino, ukatzaileak ez baitu egindakoa justifikatu beharrik eta, gainera, gezurti gisa tratatzen du mina jasan duena. Eta horixe da, hain zuzen ere, haiek egin dutena eta egiten jarraitzen dutena.

Horregatik esan zuen Deustuko Unibertsitatean Etikako katedradunak, Xabier Etxeberriak, estatu terrorismorik larriena tortura dela. Torturaren ukatzaileek goraipatu egiten dute Etxeberria jaunak ETAren biktimei buruz duen diskurtsoa, oso gogoko dutelako, baina ez diote kasu zipitzik egiten estatuaren biktimei dagokienez, oso argi baitio, ETAk ez ezik, Espainiako Estatuak ere terrorismoa praktikatu duela. Ez soilik gerra zikinari dagokionez, baita milaka kasutan tortura erabiliz ere.

2006an idatzi zuen beste lan garrantzitsu batean —La presencia de las vĂ­ctimas del terrorismo en la educaciĂ³n para la paz en el PaĂ­s Vasco—, Xabier Etxeberriak gogor salatu zuen tortura ez zela baztertu, «ezkutatu baizik», eta ezin argiago azaldu zuen ezkutatze horren eragin beldurgarria: «Batetik, torturatzailearen inpunitatea bermatzen du, eta, bestetik, izan daitekeen babes faltarik handienera kondenatzen du biktima, ez soilik torturatua izateko orduan, baita jasan izan duen oinazearengatik justizia eta erreparazioa eskatzeko orduan ere».

Horren ondorioz, tortura eta tratu ankerrak jasan izana salatu duten milaka herritar gezurtitzat jo dituzte, frogaren zama guztia haiengan jarriz, ederki dakiten arren ia beti guztiz ezinezkoa dela frogatzea benetan gertatua. Inkomunikazioak atxilotuaren eskubide guztiak jaten dituen zulo beltz bat sortzen baitu. Gertaturikoa frogatzea ezinezko egiten duen zulo beltza.

Injustizia itzel horri aurre egiteko, proposamen egoki askoa luzatu zuen Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako Jon Mirena Landak: torturatuei ezinezko frogak exijitu beharrean, frogaren zama tortura ukatzen dutenen gain jartzea, hain zuzen ere. Zoritxarrez, nik dakidanez behintzat, oraindik ez da ezertxo ere egin proposamen hori bideratzeko.

Egia da Eusko Jaurlaritzaren enkarguz Pako Etxeberriak gidatuta egindako ikerketa garrantzitsuan frogaren zama tortura salatu dutenen gain jarri arren modu egokian egin zutela. Istanbulgo Protokoloaren bidez neurtu baitzuten testigantzen sinesgarritasuna, baina ezinbestekoa iruditzen zait antzeko beste ikerketa bat egitea behingoz frogaren zama hori tortura ukatzen dutenengan jarriz. Bestela, negazionismoan gotorturik jarraituko baitute.

Ezinbestekoa dela eragindako min guztia onartzea. Hau da, bi aldeek onartzea giza eskubideen urraketa guztiak eta urraketa horiek biktimei eragindako mina. Horixe da, hain zuzen ere, ETAk desagertu arte egin zuena, eta Ezker Abertzaleak ere argi eta garbi onartu du bere erantzukizuna, baina estatu terrorismoaren arduradunek ez dute halakorik egin

Azpimarratzekoa da, bestalde, jarrera ukatzaile hori zeharo kontrajarrita dagoela gatazkak konpontzen adituak diren nazioarteko eragileek beti nabarmendu izan dutenarekin. Izan ere, halako kasuetan oinarrizko exijentzia eragindako min guztia eta erantzukizunak onartzea dela diote aho batez. Hau da, denek onartu behar dutela egia osoa, biktima orori zor zaizkion justizia eta erreparazioa guztiz ezinezkoak baitira egiarik gabe.

Xabier Etxeberriak ere beste horrenbeste dio: ezinbestekoa dela eragindako min guztia onartzea. Hau da, bi aldeek onartzea giza eskubideen urraketa guztiak eta urraketa horiek biktimei eragindako mina. Horixe da, hain zuzen ere, ETAk desagertu arte egin zuena, eta Ezker Abertzaleak ere argi eta garbi onartu du bere erantzukizuna, baina estatu terrorismoaren arduradunek ez dute halakorik egin. Eta terrorismo mota horri ez ikusiarena egin diotenek ere ez.

Horregatik da hain garrantzitsua estatu terrorismorik larriena den torturaren ukazioa sakon ikertzea, torturaren milaka biktimek behingoz jaso dezaten hain beharrezko dituzten egia, justizia eta erreparazioa. Eta baita halakorik inoiz gehiago gertatuko ez zaien bermea ere.

Adibidez, Portu-Sarasola kasuak merezi du ikerketa sakon bat. Kasu horretan, Espainiako Estatuko botere guztiek hartu baitzuten parte tortura ukatu eta torturatzaileak babesteko orduan. Horregatik, duela urte batzuk, idatzi eta jarri nuen Interneten El caso Portu-Sarasola. Los encubridores de la tortura al desnudo.

Lehenbailehen egingo ahal da ikerketa hori!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.