Euskal gatazkak eragindako sufrimenduak eta berorren ondorio guztiek osatzen dute Euskal Herrian azken hamarkadetan ezagutu dugun errealitatearen funtsezko atal bat. Adin batetik aurrerako euskaldunok dugu egoera horren berri, BERRIAn bertan azken hilabeteetan agertu dira adibideak eta ondorengo atalean batzuk aipatuko ditut. Horiek horrela, argi ikus daitekeenez, euskal gizartea bortizki kolpatu duen errealitate mingarria dugu bi aldeetan pairatutako sufrimenduarena eta, horregatik, hausnarketa batzuk egin nahi ditut, mota guztietako indarkeriek eragindako oinazea gainditzen laguntzeko eta herri honetan guztiok bakean bizitzeko.
Mota guztietako sufrimendu batzuei buruz hitz egingo dut orain: mugimendu jakin bateko gazteek torturak jasan zituztela ukaezina dela argi eta garbi agertzen da abenduaren 30eko erreportaje batean. Gazte horiei funtsezko giza eskubideak urratu zizkietela inork ere ezin du ukatu; Maitane Sagastumeri otsailaren 6an egindako elkarrizketatik ondorioztatzen denez, oso-oso sakona da kartzelak presoei egin dien mina, eta, gainera, kalera atera ondoren ez da hain erraz desagertzen; otsailaren 8ko erreportajean ikusten denez, emakume izate hutsarengatik tortura matxista bereziki larriak pairatu behar izan zituzten atxilotutako emakumeek, eta, askotan, ikuspegi feministan oinarritutako terapiak egin behar izan dituzte, sendatzeko edo sendatzen laguntzeko; azken Korrikan presoen argazkiak agertzeak ondo erakutsi duenez, ETAren jarduera armatuak min handi eta sakona eragin du euskal gizartean eta, hori dela-eta, jende askoren sentimendu mikatzak aipatzen ditu Fabian Laespadak apirilaren 2ko Neu ere euskara naiz. Baina ez nago Korrikan artikuluan. Laespadak bere artikuluan aipatzen dituen gaietako bat nabarmendu nahi dut: PSOEko eta PPko hautetsien erailketak. Euskal Herrian pairatutako hainbat eta hainbat sufrimendurekin luza genezake zerrenda, baina esandakoa nahikoa dela uste dut.
Mikel Hernandez Abaitua euskal idazlearen hausnarketa eder bat aipatuko dut: 'Gai honetan ekidistantzia bakezalea da bide zuzen bakarra'. Duda izpirik gabe, hau da bakean eta guztien giza eskubideetan oinarritutako Euskal Herri bat lortzeko era bakarra
Gaiaren beste atal bat lantze aldera, sufrimenduaz euskal gizarteak hartu duen jarrera aztertu nahi dut orain, eta, puntu honetan, alde batean zein bestean nagusi izan den hipokrisia aipatuko dut: zuzen eta bidezkoa denez, ETAk egindako bidegabekerien kontra agertu zen jende asko. Jarrera hori oso ondo iruditzen zait, mota guztietako giza eskubideen urraketak gaitzetsi behar baititu egiazko humanismo batek. Hilketen kontrako jarrera zuzen eta bidezko horrek, ordea, ez zuen, batzuetan, beste aldekoek egiten zituzten izugarrikeriak berdin txarretsi eta, askotan, euskal gizarteko sektore hori isilik geratu zen torturen eta poliziek egindako gaiztakeria guztien aurrean. Isiltasun hori, baina, ez zen sektore batean bakarrik gertatu. ETAk bere jarduera armatuaren bidez hainbat eta hainbat pertsonaren giza eskubideak urratu zituenean, gizarteko beste sektore bat, ezker abertzalean jarrera gogorrak defenditzen zituztenak, isilik geratu zen eta ez zuen bidegabekeria horien kontra ezer esan. Zorionez, euskal gizartean ez zuten guztiek berdin jokatu, bi aldeetako giza eskubideen urraketak zintzo gaitzetsi zituzten egiazko humanistak izan baitziren orduan ere Euskal Herrian (elizaren sektore aurrerakoiak, Setien gotzaina, Elkarri mugimendua, kontzientzia-eragozleak eta intsumisoak…), baina esandakoa guztiok hartu behar dugula kontuan iruditzen zait, bakean oinarritutako egiazko herri librea eraiki nahi badugu, askotan isilik egon baikara giza eskubideak gure sektorekoak ez zirenei urratu zizkietenean.
Bukatzeko, Mikel Hernandez Abaitua euskal idazlearen hausnarketa eder bat aipatuko dut: «Gai honetan ekidistantzia bakezalea da bide zuzen bakarra». Duda izpirik gabe, hau da bakean eta guztien giza eskubideetan oinarritutako Euskal Herri bat lortzeko era bakarra.