Xabier Makazaga.

Tortura eta Gerra Zikina

2013ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
GAL siglak ezagutzera eman ziren garaian, sei hilabeteko tartean jasotako lau gertaerari buruzko epaiek oso argi erakutsi zuten guardia zibil eta polizia batzuk, aldi berean, komisaria eta kuarteletan torturatzen eta Gerra Zikineko ekintzak gauzatzen jardun zirela. Tortura ardatz izan zuten Gerra Zikineko ekintzak, hain zuzen.

Intxaurrondoko guardia zibilak izan ziren, Galindo buru, gertaera horietako biren protagonistak, 1983ko abuztuan Jokin Olano torturatzea eta bi hilabete geroagoGALen lehen ekintza burutzea, Josean Lasa eta Joxi Zabala tolosar errefuxiatuen bahiketa, Baionan. Biei zekiten guzti-guztia tortura bidez erauzi ondoren, akabatu egin zituzten, eta kare bizian lurperatu, eta Galindoren konfiantza osoko bi gizon, Enrique Dorado eta Felipe Bayo, bi kasuetan kondenatu zituzten.

Bilboko Polizia izan zen beste bi gertaeren protagonista. Lehena, GAL sigla erabiliz erreibindikatu zen aurreneko ekintza, Segundo Mareyren bahiketa, Hendaian, 1983ko abenduan. Tronpatu egin ziren, errefuxiatu bat baitzen bahitu nahi zutena, Lasa eta Zabalari egindako berbera egiteko. Bi hilabete geroago, Jose Ramon Quintana eta Kepa Otero torturatu zituzten, eta horregatik zigorturiko Julio Hierro, Bizkaiko Informazio Brigada burua, bahiketagatik ere kondenatu zuten.

Beraz, judizialki frogatua geratu zen, bi epai ezberdinetan, Galindoren gizonek, Jokin Olano torturatu eta bi hilabetera, Lasa eta Zabala bahitu zituztela. Eta beste bi epaitan, Otero eta Quintana torturatu baino bi hilabete lehenago, Julio Hierrok Mareyren bahiketan parte hartu zuela.

Tronpatu egin zirela ohartu arte, poliziek gogotik torturatu zuten, baina espainiar (in)justiziak ebatzi zuen ez zegoela frogatzerik ez Mareyk, ezta Lasa eta Zabalak ere, torturak jasan zituztenik, nabarmena izan arren haiek pairaturikoa. Halaber, ez du inoiz ezer jakiterik nahi izan tortura eta Gerra Zikinaren arteko harremanaz, nahiz eta froga ukaezinak izan komisaria eta kuarteletan torturatzen jardundako agente berberek, aldi berean, Gerra Zikinean ere parte hartu izan zutela.

Torturan eta Gerra Zikinean nahasia ibilitako beste agente bat badirudi Leo Castro izan zela, berriro ere zeresana eman duen Polizia Inspektore Nagusia. Izan ere, Barne Ministerioak orain aplikatu baitu torturatzaile gisa duela 16 urte jaso zuen zigorra, zeinaren ondorioz polizia izateari utzi behar zion berehala.

1997ko urtarrilean eman zuen epai hura Bizkaiko Auzitegiak, 1982ko apirilean Ana Ereño feminista ezaguna torturatu zuelako, eta Barne Ministerioak ez du inongo azalpenik eman hura aplikatzeko orduan izandako atzerapen ikaragarriarengatik.

Ez ote da izango 16 urte luze pasatzen utzi dituela, Leo Castro erretiroa hartzeko adinera heldu arte, beldur zelako bestela Inspektore Nagusiak Gerra Zikinari buruz dakizkien hainbat gauza konta zitzakeela? Zehazki, 1995eko urriaren 10ean El Mundo egunkariak argitaraturiko artikulu batean aipatzen zirenei buruzkoak.

Artikulu hartan, Fernando Mugika kazetariak zioen Leo Castro izan zela GAL nafarraren burua, sigla haiek erabiliz 27 pertsona akabatu zituzten garaian, eta bera zela ordaintzen ziena «Iruñeko hainbat poliziari, Iparraldera joan zitezen etakideak markatzera. Haien gisa, diru bereziekin ordainduriko polizia frantsesen kolaborazioa oso lagungarri zitzaien».

Mugikaren arabera, hura dena «Luis Roldan buru zuen Gobernu Ordezkaritzaren ezagutza eta diru babesarekin egiten zen». Ordezkaritzak informazio guztiak Barne Ministerioari bideratzen zizkion, eta «han ematen zieten argi berdea atentatuei, operazio bakoitzarentzat beharrezkoa zen dirua bidaliz; gutxi gorabehera, 20 milioi pezeta».

Gogoratu milioi horietako asko Roldanen poltsikoetara joan zela. Azkenean, 1994ko apirilean, ospa egin zuen dirutzarekin atzerrira, eta ihesean ibili zen, urtebete geroago Bangkokeko aireportuan bere burua entregatu zuen arte. Aspaldi atera zen espetxetik milioi haietaz gozatzera.

Bere artikuluan, Fernando Mugikak zioen Leo Castro «Roldanen oso laguna zela», eta geroago hark, Guardia Zibilaren Zuzendari Nagusi izendatu zutenean, bizitza guztirako pentsioa ekarri ohi duen Gorputz horretako Merituko Gurutze Gorriaz kondekoratu zuela. Eta domina pentsiodun hura gutxi balitz, ez dute Poliziatik bota erretiroa hartu duen arte, nahiz eta duela 16 urte luze jaso zuen zigorrak legalki berehalako ondorio hori zekarren.

Leo Castro ez zen izan, gainera, Ana Ereño torturatzeagatik kondenatua izateaz gain, Gerra Zikinean ere jardun eta pribilegio oso susmagarriak jaso dituen bakarra. Lehen aipatu dudan Julio Hierro ere zigortu zuten kasu horretan, eta azkar asko indultatu zizkioten bai zigor hura, baita Segundo Mareyren bahiketagatik jaso zuena ere. Torturengatik birritan kondenatu izan arren indultatu ere bai.

Estatu terrorismoaren adibide nabarmenak izandako bi kasu horietan, parte hartzaileei buruzko hainbat gorabehera argitu ziren behintzat, nahiz eta beste askok ilunpean jarraitu. Salbuespenak izan dira halakoak, kasu gehientsuenetan ez baita haiei buruz deus argitu, espainiar agintariek eskaini dien babesagatik.

Horregatik da hain garrantzitsua lehenbailehen osatzea egia bilatzeko mekanismo independente bat, Estatu terrorismoaren biktima guztiei barne-barnean daramaten egia osoa esaten lagun ditzan. Soilik horrela izan baitaiteke gauzagarri biktima horiek guztiak hain beharrezko duten egia, justizia eta erreparazioa jaso dezaten, berriro halakorik gertatuko ez zaien bermearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.