Xabier Makazaga.

Torturatzaileen gezurrak

2013ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Europar Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Komiteak, CPTk, espainiar Estatuari buruzko azken txostena argitaratu berri du, baita espainiar agintariek emandako erantzuna ere. Hor, agintariek uko egiten jarraitzen diote CPTk atxiloketa inkomunikatuei dagokionez hogei urte luzez egin dizkion gomendioei. Lehen erantzuna eman ziotenetik, 1995ean, ohiko dituzten gezur galantak erabiliz uko egin ere.

Agintarien aurreko erantzuna 2011ko martxoan eman zen argitara, CPTren txostena 2007an espainiar Estatura egin zuen bisitari bazegokion ere, agintari horien baimena beharrezko baitu CPTk ezagutarazteko. Bada, han, begi bistakoa zen gezur galanta erabili zuten prebentzio neurri batzuk derrigorrezko egiteari emana zuten ukoa justifikatzeko. Auzitegi Nazionaleko hiru epailek hartzen zituzten neurriak, hain zuzen. CPTkoei esan zieten epaileek kasu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz erabakitzen zutela neurri horiek aplikatu edo ez. Oso nabarmena zen, ordea, 2007an bi epailek beti aplikatzen zituztela eta beste lauk inoiz ez. Ukaezina zen, beraz, kasuz kasuko ezaugarriek ez zutela deus ikustekorik, epailea nor zen baizik.

Gaur egun, gauza berbera gertatzen da, eta halaxe azpimarratu du CPTk bere txostenean: «Bisita egin genuenean, 2011n, Auzitegi Nazionaleko sei epailetatik hiruk sistematikoki aplikatzen zituzten neurri horiek. Hala ere, ikusi genuen 2011ko lehen bost hilabetetan izandako atxiloketa inkomunikatu guztiak prebentzio neurri horiek aplikatzen ez dituen epaile batek aginduak izan zirela, eta hori harrigarria da benetan».

Espainiar agintarien erantzuna izan da, 2006ko abenduan Garzon epaileak neurri horiek aplikatu zituen lehen alditik gaur egun arte, «gutxi gorabehera inkomunikazioa ezarri zaien atxilotuen %32,5ari aplikatu zaizkiela». Berriro ere, gezur galanta. CPTren arabera, 2011ko lehen bost hilabetetan gertaturiko 16 kasu aztertu zituzten, eta haietatik bat berari ez zizkioten aplikatu neurriak. 2010ean, berriz, izan ziren 78 atxiloketa inkomunikatuetatik, soilik 9ri aplikatu zizkieten, %11,5. Ez ditut datu guzti-guztiak, baina begi bistakoa da agintariek emandako zifra hori, %32,5, zeharo puztua dagoela.

CPTk dio oso erraza dela azken hogei urte luzeetan eskatzen ari den prebentzio neurri horiek derrigorrezko egitea, Ertzaintzak ia hamar urte baitaramatza horietako batzuk aplikatuz, «horri buruzko legeak batere aldatu behar izan gabe». Hala ere, espainiar agintariak haien erantzunean jarraitzen dute esaten neurriak derrigorrezko egiteko legea aldatu beharra dutela, nahi eta nahi ez, eta hori oso konplikatua dela. Nabarmena den beste gezur itzel bat.

CPTri emandako azken erantzun honetan ohikoak dituzten gezurrekin marka guztiak apurtu dituzte, eta ondoren aipatuko dudana horren adierazgarri duzue. Oso ibilbide esanguratsua egin duen gezurra baita. Lehen aldiz, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, AVTk, erabili zuen, 2008ko ekainean. Auzitegi Gorenak erabili zuen ondoren, 2011ko azaroan, Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeaz akusatuak zeuden guardia zibilak zigorgabetzeko. Hilabete batzuk geroago, 2012ko martxoan, espainiar agintariek izan ziren gezur berberaz baliatu zirenak, orain jakin dugun CPTri emandako erantzunean. Eta duela pare bat hilabete, Fernando Iturribarria kazetariak erabili du berriro ere gezur berbera, El Correo-n martxoaren 2an argitaraturiko artikulu batean.

Auzitegi Gorena gezur horretan oinarritu zen, hain zuzen, Portu eta Sarasola atxilotu zituzten agenteak errugabetzeko. Sententzian aipatzen zituen hainbat esaldi Guardia Zibilak 2008ko urtarrilean, etakide horiek atxilotu zituenean atzemandako eskuliburu batekoak zirela zioen, eta esaldi horietan oinarritu zen agenteen kontrako frogak indargabetzeko.

Oso erraza da ikustea, ordea, eskuliburu horretan, «Atxiloketari aurre eginez», ez dagoela Gorenak zioen esaldi horietako bat bera, eta halaxe aitortu behar izan zuen Gorenak, Portu eta Sarasolaren abokatuak jarri zuen helegitean hala nabarmendu zuenean, baina ez zuen horregatik bere errugabetze sententzia batere aldatu. Gorenaren ebazpena, onartzen duena esaldi horiek ez direla eskuliburu horretan agertzen, 2012ko urtarrilaren 19koa izan zen. Bada, bi hilabete geroago, martxoaren 13an, espainiar agintariak gezur berbera erabili zuten CPTri emandako erantzunean.

Behin eta berriro gezurretan jarduteaz gain, agintari horiek egiten duten gauza bakarra da CPTkoei errepikatzea espainiar legediak dioena epaileek egin dezaketenari buruz tortura prebenitzeko. Adibidez, LECrim-eko 520 bis artikuluak dio, atxiloaldian, epaileak atxilotuaren egoera ezagut dezakeela pertsonalki. Egia da, hala egin dezake, baina azken 25 urte luzeetan ez da izan epaile bat bera inkomunikaturiko atxilotu bat polizia egoitzetan bisitatu izan duena. Ezta bat bera ere.

Uste dut halakorik egin zuen azkena Juan Piqueras Donostiako epailea izan zela, 1987an. Intxaurrondoko kuartelean ezustean azaldu zenean, egin zioten kontrako kanpainaren ondoren. Beste inor ez da inoiz ausartu halakorik egitera. Ikusi horri buruz ABC egunkariak 1987ko uztailaren 26ko alean zioena.

Epaileek habeas corpus-a ere aplika dezakete, eta hala azpimarratzen dute agintariak haien erantzunean, baina hara, inkomunikaturiko atxilotu bati habeas corpus-a aplikatu zion lehen epailea Iruñeko Fermin Zubiri izan zen, 1985ean. Lehena izan zen, baina azkena ere bai, geroztik beste inork ez baitu aplikatu. Hori izan da azken 25 urte luzeetan torturaren benetako errealitatea Euskal Herrian, agintariek tortura salaketak «ETA eta bere ingurunearen» kontsignak besterik ez direla esan izan duten bitartean. Milaka izan dira atxilotze inkomunikatuak, eta horietan epaile bat bera ez da inoiz agertu polizia egoitzetan, eta batek berak ez du aplikatu habeas corpus-ik.

Nor da hemen kontsignak jarraitzen dituena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.