Guggenheim Urdaibai Stop plataforma

Urdaibaiko Legeak eztabaida propioa merezi du

Eider Gotxi
2026ko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erabaki politiko batzuek teknikoak edo administratiboak dirudite, baina datozen belaunaldiei utzi nahi diegun lurraldea definitzen dute. Urdaibai Babestu eta Antolatzeko Legearekin gertatzen ari dena horietako bat da. Ia lau hamarkada igaro ondoren, arrazoizkoa da 1989ko legea egokitzea. Baina gauza bat da behar hori aitortzea, eta beste bat haren erreforma administrazio-prozedurak sinplifikatu eta arintzea helburu duen lege-proposamen batean txertatzea.

Horregatik, Urdaibaiko Legearen erreforma Eusko Legebiltzarrean EAJk eta PSEk aurkeztutako lege-proposamenetik atera behar da, eta berariazkoa, propioa eta parte-hartzailea izango den legegintza-prozedura baten bidez landu. Helburua ez da Urdaibai 1989an zegoen bezala mantentzea, haren etorkizuna bermatzea baizik.

Urdaibai ez da administrazio-izapide bat. Biosfera-erreserba da. Biztanleria, jarduera ekonomikoak eta balio ekologiko handiko naturaguneak batera bizi dira. Kontserbazioaren eta garapenaren arteko oreka aurkitzea ez da erraza eta, horregatik, ez litzateke beste helburu batzuetarako diseinatutako lege baten barruan moldatu behar.

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldiek hausnarketarako arrazoiak eman dituzte. Aitor Galarzak hegaztien eta haien habitaten zaurgarritasuna azpimarratu zuen. Urdaibai funtsezkoa da espezie askorentzat, bereziki migrazio-garaietan, eta giza presioak eragina du haien habitatetan. Arazoa ez da jarduera isolatu bat, baizik eta erabileren metaketa eta goranzko presioa. Horregatik, zer jarduera baimendu ditzakegun galdetu aurretik, ekosistemak zenbateko presioa jasan dezakeen galdetu beharko genuke. Biosfera-erreserba batean, lurraldearen harrera-gaitasunak izan beharko luke erabakien abiapuntua.

Manu Mongek kudeaketaren garrantzia azpimarratu zuen. Erreserba bat ez da babesten lege bat duelako soilik: plangintza, baliabideak, jarraipena, koordinazioa eta arauak betearazteko gaitasuna behar ditu. Horregatik, galdetu beharko genuke ea legedia aldatuz konpondu nahi diren arazo batzuk ez ote duten lotura lehendik dauden erabilerak oker kudeatuta egotearekin. Kudeaketa edo baliabideak falta badira, hobetu ditzagun. Baina ez ditzagun nahastu kudeaketa-arazoa eta babes-esparru orokorra aldatzeko beharra. Legea aldatu aurretik frogatu beharko litzateke zein arazo ezin den konpondu dagoeneko existitzen diren tresnekin.

Alex Cearretak estuarioaren dinamika fisikoa ekarri zuen mahaira. Urdaibai ez da agertoki estatiko bat. Mareek, sedimentuek eta prozesu naturalek milaka urtetan eraiki dute gaur ezagutzen dugun lurraldea. Dragatzeek dinamika sedimentarioa eta estuarioaren oreka alda ditzakete. Epe laburreko jarduerek epe luzeko ondorioak izan ditzakete. Jarduketa berrietan, beraz, ondorio metatuak eta estuarioaren funtzionamenduarekin duten bateragarritasuna ere aztertu behar dira.

Galderak ez luke izan behar zenbateraino murriztu dezakegun Urdaibairen babesa jarduera jakin batzuk errazteko, baizik eta zer eredu ekonomiko eta territorial behar duen eskualdeak, eta nola lagun dezakeen Urdaibaik etorkizun horretan, berezi egiten duen esentzia galdu gabe

Miren Onaindiaren ibilbideak erakusten du Urdaibai jasangarritasuna, biodibertsitatea eta lurraldeen kudeaketa aztertzeko erreferentzia izan dela. Horregatik, erreformak pilatutako ezagutzan oinarritu behar du.

Plataformak, gizarte zibil antolatuaren izenean, gobernantza eta partaidetza aldarrikatu ditu. Eztabaida ez da legea eguneratu behar den ala ez, nola egin behar den baizik. Hain erreforma garrantzitsuak legegintza-prozesu propioa izan beharko luke, gizarte zibilaren, udalen, Patronatuaren, erakundeen, adituen eta eragindako sektoreen benetako parte-hartzearekin. Busturialdean azken urteotan bizi izandako esperientziak erakutsi du Urdaibairi buruzko erabakiek lurralde-eredu zabalago bati eragiten diotela. Erreserbaren gobernantza parte-hartzailean oinarritzea bada helburua, bere babes-legearen aldaketak ere printzipio horri jarraitu beharko lioke.

Horren guztiaren aurrean, galderak ez luke izan behar zenbateraino murriztu dezakegun Urdaibairen babesa jarduera jakin batzuk errazteko, baizik eta zer eredu ekonomiko eta territorial behar duen eskualdeak, eta nola lagun dezakeen Urdaibaik etorkizun horretan, berezi egiten duen esentzia galdu gabe.

Eusko Legebiltzarrean berariazko prozedura ireki eta Patronatua, udalak, adituak, sektoreak eta herritarrak entzun beharko lirateke. Pilatutako ezagutza baliatu behar dugu etorkizuneko Urdaibai definitzeko: kontserbazioa, klima-aldaketa eta jarduera ekonomikoa uztartuko dituen eredua.

1989an adostasun politiko zabala lortu zen Urdaibaiko Legea onartzeko. Espiritu hori berreskuratu eta eguneraketa berme guztiekin eztabaidatu beharko genuke. Dena azkar egin behar dela dirudien garaian bizi gara: arindu, sinplifikatu, desblokeatu, azkartu. Baina garrantzitsua den guztia ezin da azkar egin. Padura bat ez da azeleratzen. Ekosistema bat ez da sinplifikatzen. Biodibertsitateak ez du legealdiez ulertzen. Eta lurralde-eraldaketa batzuek ondorioak izan ditzakete, gerora lege bat aldatuta ere konpondu ezin direnak.

Horregatik, eskaera argia da: atera dezagun erreforma EAJren eta PSEren lege-proposamenetik eta, beharrezkoa bada, ireki dezagun berariazko legegintza-prozesu bat. Gizarte zibilari, zientziari eta bertan bizi eta lan egiten dutenei entzun dakiela, eta ondoren legebiltzarrak erabaki dezala.

Urdaibai ez da gobernu, alderdi edo belaunaldi baten jabetza: ondare kolektiboa da.

Legea eguneratzea beharrezkoa izan daiteke. Edonola egitea, ordea, ez. Hain lurralde bereziak adostasun politiko, instituzional eta sozial handiena merezi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA