Euskal Herria Bizirik sarea

Zalantzan jarritako Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala

Igor Bernaola eta Jon Arias
2024ko martxoaren 27a
05:00
Entzun

2023ko apirilaren 27an, Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBBen LPS) jendaurrean jartzea agindu zuen, EHAAn 2023ko maiatzaren 10ean argitaratutako agindu baten bidez. Alegazioak aurkezteko epea 2023ko uztailaren 21ean amaitu zen, epe hori luzatzeko eskaera ukatu egin baitzuen Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak. Gauzak horrela, informazio publikoaren aldia udal hauteskundeekin batera igaro zen, eta horrek eragin nabarmena izan zuen herritarren eta erakundeen partaidetza prozesuan, hauteskundeak egin bitartean udalak funtziorik gabe gelditu eta epea laburtu baitzitzaien.

Energia berriztagarrien LPSaren egokitasunaren justifikazioa funtsezko sei printzipio kontuan hartuta egin behar zen: EAEko energia elektrikoaren beharren benetako kuantifikazioa, energia elektrikoa lortzeko prozesuen dibertsifikazioa, energia berriztagarriak sortzeko eredu zentralizatuak ala deszentralizatuak hautatzea, Lurralde Antolamenduaren ikuspegitik kokaleku egokienak aukeratzea, eta plana egiterakoan gardentasuna eta herritarren parte hartzea nahiz tokiko erakundeen subiranotasuna errespetatzea.

Jakina da EAE bere lurraldetik kanpo sortzen diren energia iturrien mende dagoela erabat; horregatik, beharrezkoa da kontsumoa murrizteko eta energia-kontsumo txikiagoa eskatzen duten jarduerei pizgarriak emateko politikak ezartzea. Hau da, energia kontsumo txikiagoa dakarten produktuak sustatu beharko lirateke merkatuan, materialen eskurapenetik hasi eta ekoizpen nahiz ondorengo banaketa prozesuaren balio kate osoa kontuan hartuta.

Alabaina, energia elektrikoaren beharrizanei buruzko eztabaidarik ez da eman: funtsean, etekin ekonomikoak metatzeko logika kapitalistari jarraiki, LPSak eskala handiko proiektuak ezartzeko balizko kokapen ugari planteatzen ditu. Nazioarteko kapital funtsek babestutako proiektu horiek, gainera, sare elektrikoa nazioarte mailan energia garraiatzeko korridore handiekin lotzeko aldi berean bultzatzen ari diren egitasmoekin batera heldu dira. Ondorioz, planaren estrategia ez dago inola ere tokiko hornidurara zuzenduta, EAEn sortutako energia Europako beste kontsumogune batzuetara esportatzera eta komertzializatzera bideratuta baizik. Sorkuntza lurraldeak zinez 3.0 energia koloniak bihurtzera darama eredu horrek.

Energia berriztagarria sortzeko instalazio mota ezberdinak planifikatzeko tresna izan behar luke LPSak, baina egungo proposamenak zentral eolikoak edo fotovoltaikoak lehenesten ditu batez ere, autokontsumoaren eta sorkuntza deszentralizatuaren eta banatuaren kaltetan. Hori dela eta, ez da gai gizarte eragileen artean ahalik eta adostasunik handiena lortzeko, ezta lurralde antolamenduaren arloko irizpideetara egokitzeko ere. Hala, Lurralde Antolamenduaren Artezpideen (LAA) eta Euskal Autonomia Erkidegoko hamabost eremu funtzionaletako Lurralde Plan Partzialen hainbat zehaztapenekin talka egiten du.

Izan ere, lurralde osoa ustiapen baliabidetzat hartzen duen irizpide baten arabera idatzi da LPSaren egungo proposamena. Planaren helburua da zentral eolikoak eta fotovoltaikoak sustatzen dituzten enpresentzat energia sortzeko aukera ahalik eta errentagarriena eskaini dezaketen gune asko ezartzea, soilik ekonomiari dagokionez. Hartara, alde batera utzi dira mendietan zentral eolikoak bereizi gabe eraiki ez daitezen Lurralde Antolamenduaren Artezpideetan ezartzen diren premisak. Halaber, planak alde batera utzi ditu lurzoru urbanizaezinen erabileraren inguruan Nekazaritza eta Basogintzaren, Itsasertzaren, Ibai eta Erreka Ertzen eta Hezeguneen Lurralde Arloko Planetan ezartzen diren erregulazioak. Ildo honetan, nabarmenak dira indarrean dauden Eremu Funtzionaletako Lurralde Plan Partzialekiko bateraezintasunak, bai eta udalen plangintzetan lurzoruaren erabilera zehazten duten arauen urraketak ere.

Kontraesan horiek energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren egungo proposamenaren deuseztasun osoa edo partziala dakarte berekin, Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak ezartzen duenaren eta arau hierarkiaren irizpidearen arabera.

2021ean izapidetzen hasi zen LPS hau adostasun sozialik txikiena ere izan gabe eta lehenbailehen onartzeko xedeak argi eta garbi erakusten du plana interes pribatuen mende dagoela. Lurraldearen antolamendua bere jatorritik ezaugarritu duten arauen espiritua aldatzen du horrek, gutxietsi egiten baitu interes komunari zuzendutako planteamendua izan beharko lukeena, natura eta landa ingurunea errespetatuz.

Zentral fotovoltaikoak eta eolikoak masiboki instalatzeak eragin handia du ingurumenean, eta paisaiari eragindako kalteak ez ezik, azpiegitura horien eraginpean diren jarduera eta gizarte egitura ere behin betiko eta atzera bueltarik gabe aldatzen ditu. Horregatik, plan hau birplanteatu egin behar da, eta proposatutako ereduaren egokitasunari buruzko azterketa sakona egin behar da, batez ere interes sozialari erantzuteko. Plan horrek dakartzan arriskuei dagokienez, kontrako txostenak egin dituzte foru aldundietako sail teknikoek, baina ez dira kontuan hartu. Era berean, beren eskumenen esparruan plan horrek dakartzan legezkontrakotasun urbanistikoak salatu dituzten udalak ere utzi dira alde batera. Kalteturiko udalek ez dute inolako erantzunik jaso.

Bereziki larria da tokiko erakundeek eta udalek energia berriztagarrien LPSaren idazketan parte hartu ez izana, are gehiago landa lurzoruan proposatzen diren zentral energetiko horiek udalerrietako hirigintza eta lurralde arauekin bateraezinak direnean, eta kasu askotan eremu babestuei eragiten dietenean. Era berean, kezkagarria da zentral fotovoltaikoen kokapen ia guztiak interes estrategikoa duten balio agrologiko handiko nekazari lurretan aurreikusten direla.

Horri gehitu behar zaio interes gatazka nabarmena gertatzen ari dela, energia berriztagarrien LPSa egiteko eskumena duen saileko titularra haren ingurumen-inpaktua ebaluatzen duen bera baita. Horri dagokionez, planaren ingurumen inpaktuari buruz ingurumen organoak eman behar duen nahitaezko ebazpena argitaratzeke dago, baina ingurumen organo hori eta energiaren arloan diharduen industria organoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sail bereko Orcajo jaunaren zuzendaritzapean daude, eta hori ezohiko egoera irregularra da, noski.

Gaur egun, hainbat udalek, Administrazio Batzordek, elkartek eta herritarrek energia berriztagarrien LPSari 4.000 alegazio aurkeztu genizkionetik zazpi hilabete igaro direnean, oraindik ez dugu erantzunik jaso plan hau izapidetzeko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailetik.

Bitartean, eta EEBBen LPSa onartu gabe dagoela, zentral fotovoltaikoen eta eolikoen proiektuak EAEko lurralde osoan zehar zabaltzen segitzen dute, nahiz eta hedapen horrek ez duen inolako balio juridikorik. Ondorioz, arbitrariotasun nabarmena dago, zuzenbide estatua degradatzen duena eta herritarren aurka doana, landa eremua eta ingurune naturala arriskuan jartzen baititu.

Mugak non daude?

Apirilaren 13an Azpeitian egingo dugun manifestaziorako gonbidapena luzatzen dizuegu. Etorri gurekin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.