Onintza Enbeita

Absentziak

2026ko apirilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pentsa anaia edo semea edo bikotea bahitu eta hiltzen dizutela. Min horri gehitu 46 urtean haren gorpurik berreskuratu ezin izana. Zuk badakizu, gogoratzen duzulako eta dokumentazioa gordea duzulako, BVEk hiru aldiz esan zuela bera izan zela zure anaia edo semea edo bikotea bahitu eta hil zuena. Espainiako Barne Ministerioak ukatu egiten dizu biktima izaera. Mespretxu horrekin bizitzen ikasi behar duzu. Ez da nahikoa. Hasten dira errelatoaz eta memoriaz hizketan, eta konturatzen zara memoria batzuk ezabatu egin nahi dituztela. Argitu gabeko kasuez hitz egiten dute, baina zurea ez da argitu nahi dituztenetako bat: zu ez zara biktima. Zuk ez duzu sufritu anaia, semea edo bikotea falta izan zaizkizulako. Memoriaren zentroa deitzen dioten leku batean erakusketa bat irekitzen dute halako batean, eta zure anaiaren, semearen edo bikotearen kasua jasotzen dute terrorismoaren ondorioz desagertutako beste hainbatenarekin batera. Begiak zabal-zabal eta mutu gelditzen zara: zure anaia, semea edo bikotea BVEk bahitu eta hil zuela dioen bertsioa ezker abertzalearen inguruak asmatua omen. Hipotesi nagusia da ETA militarrak hil zuela. Ez dago frogarik halakorik esateko. 46 urtean argi egon den datu bakarrenetakoa pikutara bidali dute zalantza faltsuak sortuz. Orain nahi dute zuk eta beste guztiek sinistea ez dutela asmo txarrarekin egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA