Onintza Enbeita

Faxismoa

2025eko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaurkoa bezalako egun batez hil zen gure aitaita, Balentin. Santi Brouard hil zutenean, urte bi lehenago, Bilbora joan zen haren azken agurrera, eta amamak errepide ondora atera gintuen gorpua Lekeitiorantz pasatzerakoan omen egiteko. Han egon ginen hiru ahizpok amamaren ondoan, neguko garotan, isil-isilik. Aitona hil eta hiru urtera Josu Muguruza hil zuten gaurko egunez, Madrilen. Akordatzen naiz egun nahasiak izan zirela gure inguruan, eta ni oraindik ume nintzen, baina ahizpa eta lehengusu zaharragoak Bilbon izan ziren Muguruzaren azken agurrean. Gaurko egunak hutsune eta onartu gabeko min asko gogorarazten dizkit. Izan ere, gaur bezalako egunetan hil ziren Franco eta Primo de Rivera ere. Haien jarraitzaileek sekula ez dute eskuineko besoa jaisteko beharrik sentitu. Urte batzuez gehiago ezkutatu izan dira, baina aurkitu nahi izan dituenak erraz aurkitu ditu. Guk, ordea, beti ezin izan dugu esan nor eta zergatik omendu edo miretsi nahi dugun.

Balentinen beldurrik handiena faxistak ziren: ez zen sekula haien ustezko desagertzeaz fidatu. Brouard eta Muguruza haren ahoraino sartu ziren, eta otsoak hil egin zituen. Faxismoari aurre egiteko modu asko ei daude, baina ez dezagun ahaztu faxistek egiteko modu bakarra dutela: doktrinatu, zapaldu eta dagoena onartzen ez duena ezabatu. Gure esku dago faxismo berriaren doktrinak desarmatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.