Zaila dago hezkuntzako eztabaidetan sartzea. Umerik ez nuenean errazagoa zen, baina orain galdetu egiten didate ea umea nora eramango dudan. Iruditzen zait erantzunarekin harrotu egiten direla batzuk, eta tristatu besteak, eta nik ez dut ez bat ez beste bilatzen. Aukera on bat nahi dut gure umearentzat, edo orokorrean gure umeentzat, eta uste dut gure herriak duen egitura politikoagatik edo ez dagoela eredu perfekturik. Eztabaida oinarrira ekarri beharko genuke. Ikastolak zer diren, nola sortu ziren, zertarako, ze funtzio betetzen duten egun leku bakoitzean, ze zentzu daukan umeak ikastolara bidali eta sare publikoan irakasle izateak, zertan huts egin duen eskola publikoak, zer ekarri duen arriskuak hartzea irakasle gutxi batzuen hautua izateak, zerk desberdintzen dituen lurralde bat eta bestea, zergatik ez duten gauza berek balio hemen eta han, zergatik ez den elitista euskararen ikasketa, euskara maite ez duten askok zergatik hautatzen duten ikastolara joatea, euskaraz bizitzea eguneroko militantzia egin duten askok zergatik daramatzaten umeak eskola publikora, hizkuntza nola izan daitekeen hezkuntza sistema osoaren ardatz eta nola ez, zer dagoen ondo egitea gure hizkuntza salbatzearen izenean eta zer ez, naziogintza, hezkuntzagintza, hizkuntzagintza… gauza asko jarriko nituzke mahai gainean, baina ez dut biderik aurkitzen.
Hezkuntza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu