Dagoeneko gure agendetan sartua da emakumeen kontrako biolentzien aurkako nazioarteko eguna. Arratsaldean, manifestazioak antolatuko dira munduko hainbat hiri eta hiriburutan, gizonezkoek –gehienetan– emazteak gaizki tratatzen dituztela salatzeko, bortizkeria hori sistemikoa dela aldarrikatzeko, dominazio egitura baten parte dela neskak, emakumeak eta pertsona transak meneko mantentzeko. Egiazko genero gerla bat da pizten alditik aldira, sare sozialen eta adimen artifizial misoginoaren garai hauetan.
Azaroan gainera bilan morbidoen egiteko ordua da herrialde askotan. Zenbakiak plazaratzen direnean oilo larrua jartzen zaigu, zifrak ez direlako apaltzen, alderantziz baino: aurten ere, eta urtea ez da bukatua, Frantzia mailan bederen, familia-arteko biolentzia horren biktimak ehunetik aise gora dira. Erailketak gertatu aitzineko hilabeteetan emazte horietatik franko polizia etxeetatik pasatuak ziren denuntziak pausatzeko. Segidarik gabe. Sozietateak ez du oraino fenomenoaren zabalera neurtu baina hondar urteotan, gutxienez, krimen pasionalak deitzen zirenak feminizidioak bilakatu dira…

