Ematen du dagoeneko bakartasunaren onurak deskubritzen ari direla zenbait pentsalari eta filosofo mediatiko. Gustatu zait hargatik, Lauren Bastide komunikatzailearen Enfin seule liburua, emazteon bakartasun askotan jasanari buruzko bestelako begirada bat luzatzea ahalbideratzen duelako. Bakarrik dabilen neska edo emakumea, askoren begietara autorik ez eta haragirik jaten ez duen izaki herbalaren parekoa da: ahalkea pizten duen triste paketa, ekialdeko euskaraz bederen!
Ene bakartasunean, nik ere, ez dut astea bururatzen ahal Euskadiko lehen lehendakariaren memoria hitz hauekin troxatu gabe: Bilbon gurutzatu nuen behin eta duintasunaren eredua zela iruditu zitzaidan. Hil-berria hedatu denean, 1980ko ETB hartako gauetako azken irudietan agertzen zela gogoratu naiz! Joan da denbora eta orain iparralde honetan bertan gure lehendakari propioa badugu.
Ez da menturaz iganderik egokiena bakartasunaz hausnartzeko, Senpereko lakuaren inguruan ez garelako bakarrik sentituko, jende oldearen erdian itoak, familian edota lagunen artean herri urratsean ibilki baizik!