Irailaren 10eko Guzia bloka dezagun mugimenduaren bilanaren egiteko ordua da. Sare sozialetan biderkatu ziren deiak. Uda hondarreko berri-sailetako analista finek ongi mailukatua ziguten dei horien gibelean eskuin eta ezker muturrak zeudela. Barne ministroak 80.000 poliziaren presentzia segurtatzen zuen, bake soziala eta kontsumitzeko eskubide sakratua bermatzearren.
Goiz honetan galdezka nabil ea guzia urean ezpata kolpe bat ote zen: nehork ez du deus aipatzen. Ez dute lortu Frantzia geldotzea, baina halere berrehun mila jende hurbil mugitu da irailaren 10ean zehar, manifestatzen, enpresa multinazionalak boikotatzen eta borobil guneak blokatzen, ez dena gutxi. Hori bai, Poliziaren agerpenak ikusgarriak ziren, bereziki Baiona San Izpiritu aldean, Atalante zinemaren parean. Kasik berehala libratu zituzten atxilotu gehienak.
Egunaren ondorioetatik bat hauxe izan liteke: jendeak, guk hots, ez dugula gehiago iraultzan, oldarretan, biharamun loriosetan sinesten. Nork ekarri gaitu lur huts politiko honetaraino?