Iragan egunean autoa garbitu nahi nuen, baina gasolindegiko langileak erran zidan garbiketa postua itxi zutela udaletxearen manuz, ur eskasiagatik. Ez nintzen batere harritu, ez delako besterik entzuten bazterretan: geruza freatikoak idor direla, leku batzuetan jendeek eta abereek edateko ura kamioiez ekartzen dela etxeetara edo artzain etxoletara... Lehia handia dago gainera egoeraren larria azpimarratzeko, putzuak zulatu eta beren ekoizpenak ureztatzen dituzten nekezari industrialen eta ura doi-doia ordain dezaketen herritar arrunten artean.
Gaia hitzetara datorrenean Frank Herberten Dune nobela datorkit gogora: Arrakis planetako desertuko lur azpian dirauten Fremen talde batean aurkitzen dira Paul Atreides eta Jessica bere laguna. Ura zehatz eta tantaka kudeatzen ikasi behar dute, izerdia, pixa, zintza eta gorputzeko beste isuriak oro birziklatzen saiatuz. Aho, sudur, larru eta sexuei lotuak diren kamelbak motako biltegiak daramatzate soinean. Ura zuhur baliatzen ez baldin badugu, noizbait, pixa edari gisa erabiliko dugula irudikatzeak disgustua hazten du, ezta?