Kongoko Errepublika Demokratikoan ebola birusak kalte handiak eragiten ditu. Munduko Osasun Erakundeko nagusia bertan egon da eta egin ahalak egitera deitu ditu horko gerla maisuak epidemia kontrolatzeko gisa. Sei astez nehork detektatu ez duen aldaera berezi batek elikatzen duen hamazazpigarren uhina da. USAID dirutzen murrizketek eta materia arraroen ustiaketaren gainean eskua atxiki beharrak sustatu gatazken giroan hedatzen da gainera. Jende ahulduen gorputzak jotzen ditu eta sekula izan den hilkorrena izan daitekeela iragartzen dute burutzerik egin ez dezaketen eta bonben azpian ekiten duten osasun-langileek.
Ebola aipatzen dugunean, Erdi Aroko izurri haiek datozkigu gogora. Europako edozein jendetzen bi herenek bizia galtzen zuten orduan, halaber berandu arte, kolera eta gripe hispaniarrarekin. 1349an Baionako oinarri humano eta ekonomikoak zalantzan eman zituen izurri beltzak, hirian zehar herio urrin latza barreiatuz. Garai haietan ere eriak konfinatuz eta herrialdeetako mugak itxiz gainditzen zuten erronka. Kongo horretan dabil gaurkoan, baliabide askorik gabe.