Itxaro Borda

Eukaliptoak

2026ko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errobi hegian azala galtzen ari diren eukaliptoak ageri dira. Zuhaitz ederrak, usaintsuak, abarrak noranahi hedatzen uzten dituztenak. Perfume mikatz hori da bazterretan nabaritzen, autoko leihoa apaldurik, Lekeitio gainean Ea aldera bihurtzen garenean: betetzen gaitu, soleitzen gaitu, hatsaren xenda askatzen digu.

Lanjerrean dira eukalipto itzaldunak denetan, eta bereziki, azken berrien arabera, Australian. Aspaldikoak dira han kakatos, magpi edo kukaburra txoriak gerizatzen dituzten myrtaceae familiako oihanak. Klima aldaketaren, lur berri egitearen eta gehiegizko labakien ondorioz jatorrizko baso hori desagertzen ari da. Dibertsitate arazoak badira, hidrologikoak eta Alcoa izeneko aluminio enpresa erraldoiak eragin kutsadura kimikoak ere bai.

Errazago da beti ere suntsitzea, babestea eta berrereraikitzea baino. Erran gabe doa kolonizatze garaian hasi zirela ametsaren bidea lantzen zebiltzan mila jendalde aboriginalen aterbe naturalak errausten. Eukaliptoarekin guzia egiten omen zuten: lanabesak, armak, ontziak eta musika tresnak… ongi bizitzeko gisa hots!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA