Ormuzeko lepoa blokatzea lortu du Trumpek bere balentria belikosoarekin. Pentsatzen zukeen, Israelgo armadaren laguntza itsuaz balia, aski zuela Iran jotzea eta kito, ateka gaitzetik ohore guziekin jalgitzeko, amerikar arruntenek bere politikaren ondorioez jada sufritzen dutela eta Epstein aferan leporaino sartua dela ahantz arazteko. Joko elektronikoetan jostatzen dabilela dirudi: bezperan adierazten du Teheran ez duela erasoko lurreko tropekin eta biharamunean atake-tximista fulguranteen itxurak begiesten ditugu mundu osoko pantailetan!
Petrolio barrikotearen prezioak biderkatu dira eta gorakada, bistan dena, kontsumitzaileek dute egunerokoan patitzen, benefizioak aldiz, petrolio konpainiek eta, tasen bidez, estatuek sakelaratzen dituztela. Trumpek piztu suak ez ditu denak erretzen, alabaina! Tartean, energia fosilik ez daukan Txina kinka larrian dabil, Europa belaunikatzear, aspaldian amildua den Afrika aipatu gabe. Behar bada, une egokia da, auto partikularraren inguruan eraikia ez den bestelako mugikortasun baten ikuspegia lantzeko. Txar baten trukeko on bat?