Iragan astean Europar biztanleen zahartzea aipatzen genuen xokono honetan bertan. Planeta osoan halatsu dela baiesten ahal dugu hain begiko dugun Japoniako egoera aipatzen hasten baldin bagara. Azken zenbakien arabera, jadanik ehun mila zentenario baino gehiago kausitzen da Eguzki Gorriak argitzen dituen irletan, horietatik gehienak emakumezkoak gainera.
Badirudi ezagutu dugun mundu baten bukaerara heltzen ari garela, jendeak ez duela gehiago etorkizun ametsik, are gutxiago esperantzarik. Gaur egungo errealitatean gotortua ikusten du bere burua, saihets-urrats minimoak imajinaezin. Adin piramideak zabaltzen dabiltza buruetan, hertsatzen oinetan. Sortze tasa apalegia deitoratzen dute Japonian ere, Europan bezalaxe.
Tokion, Osakan edo Kioton Sakura edo Gerezi-loreak ospatzen diren moduan, adineko jendeak ohoratzen dira, lili, intsentsu, zintzarri eta otoitz artean. Keiro no hi egunean ile urdinek tenpluak betetzen dituzte, bizitza luzatzen doala oroitarazteko eta gizarte zargaldu horietan gazteak eta haurrak gaizki tratatzen direla ahanzteko. Paradoxa larria.