Iragan astean, hemen berean, erran dut «ebano egurraren» hiruko komertzioak ze neurritaraino aberastu zituen arku atlantikoko portuak. Baina tratu emankor eta sistematizatu hori baimentzen zuen Luis XIV.ak izenpetu Kode Beltzik gabe ez zen horrelakorik gertatzen ahalko. Idazki kolonial multzoa 1685 eta 1724 artean promulgatua izan zen, Martinikan, Guadalupen eta Louisianan berehala eta luzera eragiteko. Frantziako Liburutegi Nazionaleko Gallica webgunean irakur daiteke jendeak dominazioz eta umiliazioz aberetzea helburu zuen bilduma krudel hau...
Zergatik aipa orain garai modernoek sortu zuten legedirik zakarrena? Ez al zuen 1789ko Iraultzak baztertu, nahiz eta handik gutxira Napoleonek berriz indarrean jarri? Arrazoia hauxe da: Frantziak humanitatearen aurkako krimen gisa kontsideratzen den esklabotzaren egitura zurkaizten zuen Kode Beltza ez zuelako sekula formalki ezeztatu. Maiatzaren 28an eztabaidatuko da ahalkearen lege-sail horren abrogatzea Pariseko Biltzar Nazionalean! Ez da irabazia... Macron presidente espektralak «erreparazio moralak» proposatu dituen arren.