Iparraldeko azken hauteskundeetako ezaugarriak aipatu dira, batzuk baikorrak, abertzaleen boz kopuruaren gorakada, adibidez, eta besteak beldurgarriak, eskuin muturraren hurbilera planifikatu eta metodikoa bereziki. Gure eskualdean, Frantzia osoan nola, beste tendentzia bat azpimarra genezake: hau da emazteen presentzia apaldu dela duela sei urteko bozkei konparatuz. Kostalde honetako hirietan ez da gehiago emakume auzapezik. Bakarrak gelditzen dira barnealdean, zorionez.
Beste tendentzia ekologiaren inguruan biribilkatzen da. Pierre Hurmic-ek Bordele galdu du, Casenave makroniarraren faboretan eta Eguberriko hitzeman egiazko izei baten trukean. Boterea baino, jendeen baitako ekologiarekiko kezken lehentasuna da desagertu, nehor ez da gehiago ekologiaz mintzo bekatua balitz bezala. Anartean, eskuineko eta eskuin muturreko politika ekozidak txalotzen dira.
Tendentzia horiek ongi erakusten dute Europaren eskuinerako lerratze-mugimendu orokorra, emakumeen aldeko legeak, ekologia edo kultura garapen ekonomikoa trabatuko luketen debaldeko gauzak direla sinestaraziz.