Marco Polo pozik liteke txinatar jatorriko plastikozko girgilek Europako eta Amerikako merkatuak nola itotzen dituzten ikusiko balu, berak aspaldian idatzi eta erran bezala. Gure eskualdean altxatu da kezka Shein ekoizle eta banatzaile sarearen inguruan: panpina pedopornografikoak heltzen dira postaz hainbat etxetara, errealki sexualizatuak eta egiazko haurrak baino egiazkoagoak.
Orokorkiago, Txinan egiten diren jantzi, jostailu, makina eta joko sexualekiko gure gosea zinez pornografikoa da. Ez dakit zerk eramaten gaituen baliorik ez duten gauza toxikoak metatzera, jendeen, haurren eta emazteen duintasun marraren gainetik airez aire pasatuz. K-Beauty, Temu, Shein eta Alibabaren iragarkiak, adibidez, pantailetara jaukitzen zaizkigu deigarri, hain dira merkeak eta, badakizu, gure eros ahala hain da apala!
Bumeran efektua aipa genezake hemen. Duela lau hamarkada Asia aldera deslokalizatu mendebaldeko enpresa kimikoen produktuak ditugu muturrean hartzen, tasarik eta kontrola izpirik gabe.
Li Bai poetak ez zuen deusen beharrik.