martxelo otamendi

Sorzabal, elektrodoak sententzian

2025eko maiatzaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken urteotan torturak jasandako euskal herritarren artean Iratxe Sorzabalen kasua da ezagunenetako bat. Guardia zibilen esku atxilotuta eta inkomunikatuta egon zen bost egunetan jasandako torturek gorputzean utzi zizkioten markak erakutsi zizkiguten argazkiek. 2001ean Sorzabalek tortura haiengatik jarritako salaketaren prozeduran, auzi medikuak esan zuen argazki haiek aztertuta ezin zela ondorioztatu torturatu zutenik. Hura –eta salaketa itxi zuen epailea— izan zen bakarra argazki haietan torturen arrastoa ikusi ez zuena. Oihartzun handia hartu zuten Sorzabalen gorputzaren argazki haiek, eta torturaren irudi bilduman sartu genituen Amparo Arangoa, Joxe Arregi, Unai Romano eta beste batzuenekin batera.

Harridura eta poza sortu dituen sententzia bat kaleratu dute egunotan Espainiako Auzitegi Nazionaleko hiru magistratuk, aho batez; Iratxe Sorzabal absolbitu egiten dutelako, eta orain arte auzitegi horrek erabili ez duen sendotasunaz baieztatu duelako guardia zibilek Sorzabal torturatu egin zutela inkomunikatuta zegoen bitartean. Sorzabalek salatu egin zuen elektrodoak jarri zizkiotela, eta hiru magistratuek sinesgarritasuna eman diote garrantzi handia daukan datu horri: elektrodoak erabili zituzten.

Zenbat zigor jarri ote ditu auzitegi horrek hamarkadotan torturapeko autoinkulpazioetan bakarrik oinarrituta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.