Hilaren 24rako, 25erako eta 26rako, LAB eta ELA sindikatuek grebara deitu dute eskola publikoetako jantokietan. Lanuzte horietara deituak daude Hezkuntza Sailari lotutako jantokietan Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko kudeaketaren menpean diharduten enpresetako langileak.
Hezkuntza Sailak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu: 2 eta 3 urteko ikasleen kasuan, %100ekoak izango dira; 4 eta 5 urtekoentzat eta Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleentzat, berriz, %15ekoak. Hortik aurrera, eskola bakoitza ahal izan duen moduan ari da aurreikusitako baliabideekin malabarak egiten, zerbitzua ahalik eta ikasle gehienei bermatzeko asmoz.
Gure eskolan, AJA —eskola barruko antolaketaren araudia jasotzen duen dokumentua— goitik behera aztertu dugu, eta, horren arabera, Lehen Hezkuntzako 2. mailatik aurrera, ikasle batzuk lehenetsi behar izan ditugu: garraiatuak, bekadunak eta bestelako egoera berezietan daudenak.
Familiei informazioa garaiz helarazi diegu, antolatzeko tartea izan dezaten. Hala ere, egunean zehar tantaka iritsi zaizkigu kexak eta ezinegonak. Kezka bera dute askok: zer egingo dut nire seme-alabarekin egun horietan? Lana ezin dut utzi; zer erantzun eta konponbide eman dezake eskolak?
Batzuek argi adierazi digute: greba egiteko eskubidea onartzen dute, baina beren antolaketa pertsonalari eta eskubideei kalte egin gabe. Beste batzuek, berriz, galdetzen dute zergatik bermatzen den jantoki-zerbitzua ikasle bekadunentzat eta ez gainerakoentzat.
Eskubideak aldarrikatzea beharrezkoa da, bai, baina horrek guztiok ditugun ardura partekatuak ere mahai gainean jartzea eskatzen du
Eta orduan, ezinbestean, burura datorkit eskolan lanegun batean ospatutako azken inauteri-jaia: guraso ugari ikusi genituen, beren seme-alabak mozorrotuta ikustearren, egun libreak hartzen. Edo oporrak baino lehen, eskola-egunetan bidaiatzeko lanegunak hartzen dituztenak.
Aitzitik —eta honetan uste dut adostasun zabala dagoela— denok nahi dugu kalitatezko eskola-jantokia: ratio egokiekin, arreta zainduarekin, sasoiko eta gertuko elikagaiekin, prestakuntza ona eta baldintza duinak dituzten langileekin. Hau da, zerbitzu publiko sendo eta bidezkoa.
Baina horrelako zerbitzuak ez dira hutsetik sortzen, ezta inoren ahalegina ikusezin bihurtuta ere. Esaerak dioen bezala: Putz eta zurrut, batera ezin egin. Eskubideak aldarrikatzea beharrezkoa da, bai, baina horrek guztiok ditugun ardura partekatuak ere mahai gainean jartzea eskatzen du.
Eskola publikoak komunitatea gara: langileak, familiak, ikasleak eta administrazioa. Eta komunitate honek, une zail hauetan ere, elkarrenganako ulermena eta ardura eskatzen du.