andoni egana
HITZ ETZANAK

Haserrea

2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Haserreak gure izaerari buruzko arrasto handiak eskaintzen dizkigu. Eta gure izaeraren funtsezko osagaia da hizkuntza. Nik, gaztelaniaz, birao batzuk bota ditzaket, grazia handirik gabeak. Baina zinez haserretzean, beti behar izango dut ama-hizkuntzaren makulua.

Haserreak eta hizkuntzak lotura handia dute. Gure aitak hiru semeoi hika egin izan digu beti; alaba bakarrari zuka. Haserretzean salbu. Haserretzean, «hik zer uste dun, hauek direla etxeratzeko orduak?» botako dio hari ere.

Jose Mari Pastorren Darwin eta gu zutabeak beti iradokitzen dit zerbait. Atzokoan, euskal jatorriko espainiarrez ari zela, Manuel Fraga Iribarneren ama aipatzen zuen. Izura-Azmekoa jaiotzez, Maria Iribarne Dubois zuen grazia. Neska gazte zela, apaiz baten bidez —nola ba, bestela!— Kubarako bidea hartu zuen, ingeniari eta markes zen nafar baten etxean neskame-lanak egiteko. Han ezagutu zuen bere jaioterrian indiano-etxe bat eraikitzea amesten zuen Manuel Fraga Bello galiziarra. Manuel txikia iritsi zen. Ikurrina lortu nahi bagenuen bere gorpuaren gainetik pasatu beharko genuela bota zuen zokormazo hark, inoiz edo behin kontatu izan zuen amak, umetan, frantsesez egiten ziola. Eta haserretzean, euskaraz! Maizago haserretu behar zuen Mariak…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.