andoni egana

Hitzak

2025eko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaztelaniari ostu genion manejatu hitzak oso bestelako adiera bat ere hartu zuen euskaraz. Eta ez zuen zerikusirik autoa, motoa edo dena delakoa gidatzearekin. Lapurretarekin zuen zerikusia. Baina ez edozein lapurreta modurekin. Manejatzea zen ziria sartzearen bidez, engainuaren bitartez edo losintxa erabiliz besterena zena zeureganatzea. «Gaur ere manejatu zizkidak bilobak pare bat euro. Irribarre goxo batez eskatzen zizkidak eta…», kontatuko zion lagunari aitona patrikustuak.

Tejemaneje hitza ere dexente erabiltzen zen gurean. Josketa lana eta esku lana biltzen zituen hitz horrek oso bestelako zerbait adierazten zuen. Azpijokoen bidez, katramila nahasietan murgilduta, gardentasunik gabe, helburu bat lortzeko egiten diren ahaleginei deitzen zaie tejemaneje.

Eta ez didazue esango, hitza ahanzten hasi garen garaian izaten ari dela horrelakorik gehien. Batik bat politikan. Turismo tasen kudeaketa noren esku geratuko zen zalantzan zegoen, baina, dirudienez, Eusko Jaurlaritzaren eskumenean geratu ordez, foru aldundien esku geratuko da erkidegoan. Eztabaida bi gobernukideen artean. Niri berdin zait noren esku geratzen den, baldin eta zeinek gidatu bada auzia, eta ez zeinek manejatu. Albistearen karietara konturatu naiz Turismo kontseilariaren deitura Hurtado dela. Abiapuntu ona. Baina Santos-ek ere ona zirudien eta…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.