andoni egana

Hondora

2024ko martxoaren 7a
05:00
Entzun

Askotan gertatzen zait. Errealitatea irudi bakar batera murrizten dut eta, izan, askoz ere zabalagoa izaten da.

Europako Batasunak bortxazko lanarekin eginiko produktuak inportatzea debekatu egingo duela irakurtzean, horrelako zerbait gertatu zait. Bortxazko lana, irudi bakarrera mugatzen nuen nik: haur asiarrak, guk erosiko ditugun arropak josten edo guk erabiliko ditugun baloiak egiten. Albistean sakondu ahala jabetuko zara bortxazko lanak arlo asko harrapatzen duela. Eguzki panelak eta aluminioa; autoak eta auto probetarako zirkuituak; badirela estatuak masiboki espetxeratutako herrialde jakin bateko biztanleak bortxazko lanera behartuak; badela bortxazko lana sektore publikoan, sektore pribatuan prostituzioan...

Azpialdeko albistea geureagoa da. Denboraldi zaila izan ondoren, Irati-Abodi eta Larra-Belaguako estazioen pizgarri izan omen dira azken boladako elurteak. Eta behin begirada zabaltzen hasita, irudikatu duzu —klima aldaketa, globalizazioa— noizbait gerta daitekeena. Munduaren beste muturrean, dardara batean, bortxapean, pertsona batzuk elurra biltzen ari dira. Guretzat da. Itsasontziz bidaliko digute, izoztua. Eta —mundu antolaketa honek ez du besterik merezi—, itsasontzi hori hondoratu egingo da. Iceberg bat jota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.