andoni egana

Pazientzia

2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lehendik zegoen ilara luze samarra supermerkatuko kaxan. Begiradatan antzematen zen bezeroen presa. Eta hasperenetan. Halako batean, mantso zihoana geldo bihurtu zen. 

Bezero bat temati ari zitzaion kobratzen ari zen langileari. Euskaraz hasi zen eta euskaraz nahi zuen bukatu. Langileak euskaraz ez zekiela eta gazteleraz egiteko mesedez esan zionean, bezeroak ez zuen atzera egin. Abegitsu, pazientziaz, mantso-mantso eta ongi ahoskatuz hasi zitzaion bere txartelaren zenbakia esaten, hatzen imintzioaz lagundurik. Bi… lau… zazpi… Langilea, urduri, blokeatu egin zen, eta bestelako egoera batean aisa ulertuko zukeena ulertzen kosta egiten zitzaion. Ilarakoak, luzetsita, marmarrean hasi ziren mantsotzearen arrazoia zein zen ohartzean. «¡Mecaguen el Euzkaldi ese de los cojones!», bota zuen batek. Beste batek tinko erantzun zion euskaraz egitea eskubide bat dela. Eta beste bi-hiru ere sartu ziren eztabaidan.

Batzuek begitan hartu zuten langilea. Beste batzuek begitan hartua zeukaten euskara. Inork ez zuen enpresa aipatu. Inork ez zuen esan, etekinak murriztu arren bi langile jarri izan balituzte kobratzen, eta haietariko batek gutxienez euskara baleki, ez zatekeela ilararik sortuko. «Euskal Herri euskalduna irabazteko eguna, pazientzia erre aurretik behar duguna» zioen kantuak. Herri honetan pazientziak badaki euskaraz…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.