andoni egana

Sekretua

2025eko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Erabaki garrantzitsuak hartu behar zituzten bilera hartan izan zen Mikel. Xabierrek ez zuen joateko gonbitik. Lagun min biak lantegitik irten eta tragoxka bat hartzen ari zirela, Xabierrek ito egin zuen galdezka. «Zer erabaki hartu duzue? Nor izango da gure saileko zuzendari berria?». Mikelek ez zion izenik ematen. «Badakizu sekretua dela. Ez daukat esaterik». Baina temati eusten zion Xabierrek. «Oporretara joan aurretik jakin nahi nuke. Zein aukeratu duzue?». Azkenerako tximetaraino, Mikelek ahoa hurbildu zuen Xabierren belarri ertzera eta xuxurlaka galdetu zion: «Sekretu bat gordetzen badakizu?». Irribarrea loratu zitzaion Xabierri. Kostata, baina lortu zuen…

Sekretua. Hitzaren erroetara jotzen badugu, propio aparte uzten den zerbait, nabarmenduko ez den lekuan, jendearen begi bistatik urrun. Esanguratsua iruditzen zait, sekretua hitzaren antonimoa publikoa izatea.

«Sekretu bat gordetzen badakizu?», xuxurlatu zion Mikelek Xabierri. Eta honen irribarre asebetea sumatu zuenean hiru hitzetan eman zion epaia: «Nik ere bai!». Badirudi izaera publikoaren isla goren izan behar lukeen Estatuak horixe egingo digula herritarroi. Bazirudien Francoren garaietatik indarrean zegoen Sekretu Ofizialen Legearen ordezkoak ateren batzuk irekiko zituela. Baina beldur naiz Mikelek Xabierri egin ziona ez diguten egingo…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.