Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Amnistia

2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
ERCrekin akordioa lortuta, Pedro Sanchezek pauso bat gertuago dauka berriro Espainiako gobernuburu izatea. Dena den, ez zen zalantza handirik ERCrekin: nahiko argi zegoen inbestiduran Sanchezen alde egingo zuela. Junts Per Catalunyak zer egingo, horrek eragiten du kezka handiagoa, zeren, JxCk Sanchez babesten ez badu, ez baita izango hauteskundeak berriz egin beste aukerarik. ERCrekin amnistiaren inguruan lortutako akordioak, ordea, inbestidurarako bidea argitzen du. Izan ere, ERCk esan bezala amnistia «errepresaliatu guztientzat» bada, esparru horretan Juntsek eskatzen zuena beteko da. Bestalde, astelehenean, Sanchezek amnistia babesten duela esan eta bi egunera, Carles Puigdemontekin bildu zen PSOEko Santos Cerdan Bruselan, eta bi alderdiek azaldu zuten negoziazioa «bide onean» doala. Horiek horrela, inbestidura saioa hurrengo astean bertan izan daitekeela ari dira iragartzen hedabideak.

Irailean, ordea, beste auzi bat ere jarri zuten mahai gainean ERCk eta JxCk: Kataluniaren autodeterminazioa onartzea. Negoziazioetan, puntu hori bigarren mailan gelditu da, inbestidurarako epeek izugarri zailtzen baitzuten horrelako auzi bati eustea. Puntu horren aipamenik ez egin izana kritikatu zuen atzo ANCk ere, PSOE-ERC akordioaren balorazioa egitean. Halere, ez dirudi horrek inbestidura oztopatuko duenik, baina datozen lau urteetan zail izango du Sanchezek auzi horri entzungor egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.