martxelo otamendi

Afari solidarioak eta Jaungoikoa

2026ko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteak daramatzate, bai, urteak, 2020an hasi zirelako, Donostiako herritar solidario batzuek egunero afaltzen ematen kale gorrian dauden 300 migranteri; hau da, gizarte zerbitzuek egin, edo gutxienez kudeatu, beharko luketena egiten. Ez, herritarrek egiten dute dena: janaria haien dirutik erosi, prestatu eta banatu. Musu truk. Hiriaren urrezko dominaren bat emango dieten edo ez pentsatzen ibili gabe.

Afariak ematen dituzten guneetatik gertu bizi diren herritar batzuek kexua egin ohi dute afaldarretako gutxi batzuek sortzen zituzten maila baxuko istiluengatik. Egiako auzotar batzuek ez zuten atsedenik hartu handik beste leku batera bidali zituzten arte. Meritu gehiago, beraz, solidarioentzat, itxaropenik ezak eta egoera larriak eraginda portaera ezegoki hori hartzen duten migranteei ere ematen dietelako afaria, nahiz batzuetan kokoteraino bukatu afaldar gutxi batzuekin. Hala ere, horiei ere ematen diete afaria. Meritu bikoitza.

Donostiako alkate berriak, kargua hartu eta gutxira, debekatu egin die solidarioei hiriko hiru gunetan ematen dituzten afariak ematea, afaldar askok egunean daukaten otordu bakar hori gabe utzita. Debekuaren gainetik, solidarioek afariak ez baina 250 ogitarteko ematen segitzen dute egunero, beste zeregin hoberik ez daukaten udaltzain atsegin batzuek zelatatuta.

Eman dezagun fraide batzuk hasi direla ogitartekoak ematen komentuaren atarian etorkin horiei. Debekatuko liekete jaungoikoa eta lege zaharren jarraitzaileek fraideei zerbitzu hori eskaintzea? Non geratzen da behinolako goseak nengoen eta jaten eman zenidan?

Beste adibide bat. Debekatuko al dio udalak hiriko futbol talde nagusiari nazioarteko partidak hirian jokatzea oso tarteka oso istilu larriak sortzen dituztelako taldeetako jarraitzaileek?

Zergatik daude bi neurri? Larriagoak dira afaldar batzuek sortzen dituzten istiluak, 2024ko martxoan PSGren aurkako partidaren aurretik hooligan batzuek sortu zituztenak baino?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA