Inoiz izan duzu Piarres Larzabalen antzezlanik taulan ikusi edo irakurtzerik, irakurle? Nik ikusi, behin ere ez, baina Orotarikoa-n lanean ari, haren bi obra etengabe genituen eskuetan, corpusean sartuak zirelako: Hiru ziren (1962, Manuel Lekuonak gipuzkeraratua) eta Senperen gertatua (1964, Luis Villasantek gipuzkeraratua). Ez zen ez, Larzabalen bertsiorik aratzena. Hara, bada, gaur izan dut aurrenekoz egiazko Larzabalekin topo egiteko aukera, Angles ginelarik (1973) obrarekin zehazki.
Nik batere ezagutzen ez nuen pasarte historiko batean oinarritzen da: «Lapurdi egon da anglesen meneko hiru ehun bat urtez (1153-1450). Anglesek, Lapurdi ahultzeko, bi zatitan ezarri zuten: Zati bat Baionari lotua, bertzea Uztaritzeri». Zatitu eta etsaitu, dena bat. Testuinguru horretan kokatzen dira antzezlaneko gertakariak.
Alabaina, nik liburua hitz baten bila zabaldu dut: boikot. Ez dago Orotarikoa-n (OEH), baina bai Euskal Klasikoen Corpus-ean. Bistan da OEHkoak okertu zirela Larzabalen obrak hautatzean, zeren eta boikot-aren lehen agerraldia Angles ginelarik horretan baitago: «Ni ere etorria naiz emaiterat, itsas hegiko itzain eta karrosazain guzien izenean, gaurtik aitzinat, denak greban jartzen direla, Baionari boikot egiteko».
Sare sozialetan beti dago norbait euskaldunez barrezka: «kar-kar-kar, beitu, tomateari ez al diote, bada, tomate esaten?», tomate gaztelaniaren jatorrizko hitza bailitzan, eta ez nahuatl-etik mailegatua, Europako hizkuntza gehienetan bezalaxe.
Bada boikot Charles Cunningham Boycott (1832-1897) ingelesaren deituratik dator zuzenean. Irlandarrak anglesak zirelarik, Boycott bertako lurjabe handi batentzat hasi zen lanean, haren maizterrak kudeatzen. Uzta txarreko urte batean etxegabetzeak erruz egitea egokitu zitzaion eta, nazkaturik, nekazariek –Irish Land League-ren inguruan antolaturik– Boycott-i denek batera aurre egitea erabaki zuten: ez zuten berarentzat lanik egingo, ez zioten ezer erosi ez salduko, eta gainerako herritarrei ere harekin harremanak eteteko eskatu zieten.
Gaztea nintzenean aski zen Frantziako produktuei boikot egitea. Gaur egun boikota egiten hasi eta bakarrik geldituko nintzateke.