Iñigo Aranbarri.

Apirileko argazkiak

2026ko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Apirila da hilik krudelena, lur hileko lilak hazten…». Erraz hartzen zaio airea T.S. Elioten poema hasierari. Apirila krudela da primaderak itzultzera behartzen duelako bizitza. Agur neguko lozorroari, bizitakoa berpizteko aroa da.

Eta memorian, nork bereak. Oraintxe beteko da mende erdi Anparo Arangoaren argazkiak zabaldu zirela. Eta oraino ere, orduko ni hura datorkit, auzokoak erdi gordean ekarritako Zeruko Argia haren bueltan etxeko guztiok, begiak arranpalo. Koloretako irudietan, neska bat ohatzean erdi biluzik, gerritik behera net ubeldurik. Ez zen ordura arte tortura hain garbi inoiz erakutsi.

Kuarteletan zer gertatzen zen, jakina zen. Horrexegatik zeukaten ohitura hartua alkate askok, zirenak zirela ere, bertara aurkeztekoa atxilotuaren egoeraz arduratzeko. Torturatzaileek, bestalde, ez zuten arazorik harrapakina senideei eta lagunei erakusteko: begira zer egiteko gauza garen. Mundua bestelakoa zen orduan. Gerokoa da gertatua ukatzea.

Torturatuari ez sinestea, auzi unibertsala da. Ariel Dorfman-en Herio eta neskatxa antzezlanean, eztabaidan ari dira senar-emazteak. Paulina haserre dago Gerardorekin. Ez dago ados gobernu berriarekin, diktaduran gertatutakoak zuritzen ari dela deritzo. Txikitu egin zuten, baina bere lekukotza besterik ez du. Senar borondatetsua gobernuarentzat dabil lanean. Giroa estutzeko, zalantzan jartzen du Paulinaren hitza, etxean agertu zaien mediku onbera itxurako hori ezin izan liteke emaztearen torturatzailea, burutik egin zaio.

Egun, badakigu bost mila torturatutik gora izan direla Euskal Herrian azken hamarkadetan. Tantaka datoz onespenak, eta ez berez. Izan ere, non uzten du bere burua gobernu batek onartzen badu bere funtzionarioek tortura sistematikoki praktikatu dutela? Negazionismo horrexen babesean pasatu dira, hain zuzen ere, zigorrik gabe hemengo Jesus Muñecas guztiak.

Gu, eskerrak, Javier Iabenek Arangoari ospitalean eginiko argazkien egiarekin iratzarri gintuen apirilak. Adimenak ez zuen artifiziala izateko aukerarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA