martxelo otamendi

Autogobernua garraio publikoan

2025eko abenduaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europan oso zabalduta dagoen jarrerarekin bat eginda, duela urte gutxi Espainiako Gobernuak eta Hego Euskal Herriko erakundeek erabaki garrantzitsua eta eraginkorra hartu zuten: garraio publikoaren txartelaren salneurria dezente merkatzea.

Erabakia oso mesedegarria izan zen, eta da, diru sarrera urriak eduki eta garraio publikoa maiz erabiltzen duten herritarrentzat. Baina ez zen hori izan erabakiaren ondorio bakarra: diru sarrera altuagoak dauzkaten herritarrak ere —urteetan garraio publikoari bizkarra emanda bizi izan direnak—, autoa etxean utzi eta hasi dira maizago erabiltzen garraio publikoa. Ikusi besterik ez dago nola egin duen gora nabarmen erabiltzaile kopuruak azken urteotan, askotan trenak eta autobusak leporaino betetzeraino.

Erabakiak eduki du beste efektu bat ere, hau da, jende gehiago animatu da aisialdiko bidaia motzak egitera, txartelaren prezioak bultzatuta. Ez dira lanerako joan-etorriko bidaiak, beharrak eraginda. Aisialdirako bidaiak dira, hiriburuen erakarmenagatik, normalean lurraldeko herrietatik hiriburura egiten direnak. Kontsumoko bidaiak dira. Horrek, bistan da, kaltea eragiten dio herrietako ekonomiari, herritarrak garagardoa herrian barik hiriburuan hartzen duelako. Konponbide zaila daukan bilatu gabeko ondorioa izan da.

Hurrengo hilabeteetan Espainiako Gobernuak egingo duenari begira daude Hego Euskal Herriko gobernuak eta aldundiak. Espainiako Gobernuak eusten badie txartel merkeei, gure herrikoek gauza bera egingo dute. Baina ez du ematen hori gertatuko denik, eta oso litekeena da otsailean indargabetzea Madrilek txartel merkeen politika.

Zer egin beharko lukete gure administrazioek? Edozein dela Espainiako Gobernuaren erabakia, autogobernuan benetan sinesten badute, bide propio bat hartu eta eutsi txartel merkeen erabakiari. Autogobernuan aurreratuko dute, eta, bide batez, ahalmen baxua daukaten herritarrei eta ingurumenari mesede ederra egingo diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.