Blanca Urgell

Behatzailearen paradoxa

2026ko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasleak isil-isilik daude, buru-makur, azterketa egiten. Beroak hartuta dugu gela, leihoak zabalik izanagatik ere.

Zaindari lanetan nabil ni, liburua eskuan, gelan hara-hona ibilki, haien galderak erantzuteko prest, bai eta, zaindari onari dagokionez, haien tentazioak uxatzeko ere.

Ez da lan xamurra. Une batetik aurrera ordulariari etengabe begiratzeko joerak gaindi nazake, baina oraingoz gozatzen ari naiz Urtzi Regueroren Hemengo azaro, hango eraizio Larramendi Bazkunak atera duen irakurketa goxoko saiakera-liburuarekin (2024). 

Azpitituluak dioenez, «Larramendiren eragina Nafarroako autoreengan» gaia du liburuak, eta ez dakit zutabe honetatik aski igarri zaidan nire Larramendirekikoa debozio hutsa dela (cf. Cuerdaren Amanece que no es poco, 1989).

Halako batean, Reguerok «behatzailearen paradoxa» aipatzen du, William Labov soziolinguista ospetsuak formulatua (1972). Reguerok berari Zizurkilen gertatutakoa kontatzen digu: herriko hizkera bildu nahirik, bertako hiztun batekin hizketan hasi eta, espero bezala det eta degu-ka aritu arren grabatzen hasi baino lehen, grabagailua piztu bezain laster dut eta dugu-ka hasi omen zen. Eta gero, hiztuna ezin sinisturik zegoen berak halakorik behin ere erabili zuenik.

Behatzaileak dena alde duenean nahi duena lortzeko, berak bere egote hutsaz dena aldatzen du. Horra paradoxa.

Gazako ontzidiaren Loiuko aferan nik beste paradoxa bat sentitu dut bideoa ikustean: ezer ezin alda dezakeen behatzailearen paradoxa. Ez da guztiz egia: bideoa grabatu duen behatzaileak dena aldatu du bideoa grabatze hutsaz, eta gero bideoa ikusi duten beste behatzaileek ere hedabide, politikari zein herritarrek badaukate (badaukagu?), gertatu dena ez, baina gertakizun liratekeenak aldatzeko aukera.

Dena den, ni eszena bati begira aritu naiz behin eta berriz. Ontzidiko batek kidea gorputzarekin babesten ari dela dirudienekoa. Babesten edo baketzen-edo. Badago istorio bat hor, ederra uste dut nik, kontatzeke gelditu dena harrabots, iskanbila, zalaparta eta zarata horien guztien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA