Blanca Urgell

Berdin egiten gaituena

2026ko apirilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erdaldunak lehenengoz euskara egiatan nolakoa den ezagutzen hasten direnean —garai batean ni izan nintzen horretan—, adibidez, harritu egiten dira, halabeharrez, sakondu ezean pentsaezina baita hizkuntzak beren artean zeinen ezberdinak diren gutxien espero dugun ezaugarrietan. Esate baterako, hitanoa bere horretan ez dago beste inongo hizkuntzatan.

Ifrentzuan, hizkuntzek ezaugarri jakin batzuk partekatzen dituzte, hala nola «mintzatua den hizkuntza orok bokalak eta kontsonanteak ditu». Beste batzuetan ezaugarriak elkarrekin lotuta daude estuki: euskaraz nor, nori eta nork aditzean markaturik daudenez, hitz-ordena aski askea da; aldiz, ingelesaren hitz-ordena zurrunak (I say no esateko beste modurik ez dago) azaltzen du dena say eta said izatea, salbu eta singular/plural bereizkuntza egiteko 3. pertsonan (s/he says).

Hierarkiazkoak gogokoak ditut. Adibidez, zure hizkuntzak bi kolore izatekotan, zuria eta beltza izango ditu; hirugarrenik balego, gorria litzateke. Beste bat: hizkuntza guztiek dute singularra; zure hizkuntzak duala (biri dagokiona) balu, plurala ere izango luke, baina ez alderantziz. Badira horrelako batzuk.

Urrats bat aurrerago: hizkuntzak ez dira ausaz aldatzen, eredu jakin batzuen arabera baizik. Horrela azaldu du 2025ean Nature Human Behaviour aldizkarian Annemarie Verkerk eta bestek argitaratu duten artikuluan.

Harrigarriena da datu-base zabal bat eta eredu estatistiko indartsuak erabiliz bermatu dutela —bermatzea beharrezkoa da, noski— duela ehun urte Edward Sapir sen handiko hizkuntzalariak (1884-1939) hizkuntzen historiak aztertzeko eskarmentutik oparitu zigun ondorioa: hizkuntza bizi bat ez da zati autonomoen bilduma hutsa, osotasun harmoniatsu eta beregain bat baizik, kanpoko gorabeherek nekez aldatzen dutena, baina barneko plan enigmatiko baten arabera bilakatuz doana.

Honixe egotzi ohi zaio: gizakion adimenak informazioa prozesatzeko eta komunikatzeko dituen behar eta muga berberak dituenez non-nahi, noizbait irtenbide berberetara iristen dira munduko lau bazterretako hiztunak.

Eduardo Galeanoren hitzetan: «Berdin egiten gaituen gauza bakarra da denok garela desberdinak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA