Maider Galardi

Bestalde

2026ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo Korrikako kantuak dioenaren alderantzizko bidea egin zuten atzo arratsaldean edo gaur goizean ehunka lagunek: Mendebaldetik Xiberuara. Hegoaldeko gehientsuenok aitaren graziaz dugu gaur jai eta aprobetxatu dugu, beste hainbeste zubitan egin ohi dugun moduan, Bestaldera joateko. Entzuna dut gure artean: «Aiiii, Donibane Lohizuneko hondartzako paseoa zein chic-a den» —itsaso bera partekatuko ez bagenu bezala—; «Aiiii, zein frantsestua den Ahetzeko merkatua» —Madrilera jaisten den aldiro Rastroan bitxiak erosi bitartean etxean bezala sentituko ez balitz bezala—; «Aiiiii, zer-nolako ilusioa Atharratzen hainbeste euskara entzutea» —egunerokoan gaztelania mordoa entzungo ez bagenu bezala—. Hegozentrikoon ekipokoa izateak sortzen didan egonezina egonezin, aitortuko dut, halere, sekulakoa dela plana: eguraldi ona, emozio tsunamia eta gorputz pila bat gorputz bakarrean korrika. Masa hori, ordea, demasekoa izan daiteke, eta BasabĂ¼rĂ¼ko instituzioetako ordezkariek hegoaldetarroi pazientzia eskatu digute gaurko egunerako. Zeren eta bai, ezagutzen dut gure manex ekipoa: asko izango dira furgoneta errepide bazter batean aparkatu nahi dutenak, eta beste hainbeste ostatuetan egonarriz tragoa eskatuko dutenak —edo otordu orduengatik kexu izango direnak—.

Batzuk egunean bertan itzuliko dira, beste batzuek aprobetxatuko dute Iparraldea deitzen diogun eremu zabal hori bisitatzeko, eta frikienek asteburua pasatuko dute Korrikaren atzetik. Igande iluntzerako denok izango gara geure Hegoaldeko etxeetan astelehenari begira. Ederra litzateke Kanaldude piztu, gure hedabideak segitu, eta, besteak beste, Baionako Udalean zer gertatuko den jakin-minez afaltzea. Herri bat ez baita folklorean eta bestetasun-ean eraikitzen, ezpada proiektu politiko bat partekatuz, eta, horretarako, urrats garrantzitsua da igandekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA