martxelo otamendi

A eredua eta epaileak

2026ko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abonatuta dago euskara epaitegietan, arrazoi bategatik ez bada, beste bategatik. Garai batean, euskara-epaitegia bikotea epaitegietan euskara erabiltzeko eskubidearen eskaerak sortu zuen. Baina irudimen handia behar zen, oso handia, igartzeko egunen batean bi aldiz nota bertsua jarriz zuzendu diren euskarako azterketek epaitegian bukatu zutela. Eta gero egongo dira oldarraldi judiziala ukatzen dutenak.

Zer egingo zuketen epaileek euskarakoa barik inpugnatutako azterketa fisikakoa, historiakoa edo filosofiakoa izan balitz? Denok pentsatzen duguna erantzungo zuketen, alegia, bi aldiz zuzendu direla azterketak, ez dagoela alde handirik kalifikazioan bi zuzenketen artean, eta ez zuketen inpugnazioa tramiterako onartuko.

Zer egingo dute orain epaileek azterketokin? Beste zuzentzaile bati agindu ostera zuzentzeko; eta bitartean, euskaran oso kalifikazio txarra lortu duten ikasleak unibertsitatean hasiko dira, epaileek horrela aginduta EHUri. Uztailean gaude, eta epaileek EHU behartu badute ikasle horiek onartzera, zilegi da pentsatzea epaileek ez dutela aurreikusten azterketa horiek berrikustea unibertsitateko eskolak hasi baino lehenago. Ondo.

Iritsi da abendua, berriro zuzendu dituzte azterketak, eta emaitza bera da: hirugarren ikuspenak ziurtatu du ondo zuzenduta daudela, eta, gutxi gorabehera, bere horretan utzi ditu kalifikazioak. Zer egingo dute orduan epaileek? Euskaran nota txarra atera duten Ikasleoi agindu fakultatea utz dezaten? Seguru? Edo argudiatuko dute behin ikasketak hasita diskriminatzailea dela gela utzaraztea?

Lehendik ondo ezagunak diren bi ikasgai uzten dizkigu auziak. Lehena, hau: A ereduak ez du euskalduntzen, salbuespen arraroren bat kenduta. 

Bigarrena: Zuzenbidea ikasten ari diren ikasle euskaltzaleek epaile izateko erabakia hartu behar dute, oso ikasketa gogorrak direla onartuta.

Auzitegietako postuak hartuko dituzten epaile euskaltzaleak behar ditugu. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA