martxelo otamendi

Espainiako Itzulia gurean

2025eko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Soka luzea ekarri du joan den astean Bilbon Espainiako Itzuliaren etaparen mugan Palestinaren aldeko ekintzaileek eragin zuten behaztopak. Azken egunotan, eragindako presioaren ondorioz, elastikotik Israel izena kendu behar izan duen taldearen parte hartzearen aurkako hainbat ekinaldi egin zituzten solidarioek etapa horretan, eta mugan egindakoa erabakitzailea izan zen: muga baino hiru kilometro lehenago behartu zituzten antolatzaileak etapa amaitutzat ematera, eta irabazlerik gabe.

Oihartzun handia lortu zuten Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatu zutenen ekintzek, gure herrian eta gure herritik kanpo. Oihartzuna eta eztabaida. Bilboko alkateak, Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak oso hitz gogorrak erabili zituzten gertatutakoa arbuiatzeko. Bilboren izen ona zikintzen duela esateraino. Seguru daude, Israel Palestinan egiten ari dena ikusita, ekintzaileek Bilboren izena zikindu dutela? Egin dezatela inkesta bat bilbotarren artean.

Alde batetik daude, zutabegile hau barne, uste dutenak Palestinan gertatzen ari den basakeria gelditzeko derrigorrezkoa dela arau zuzenak alde batera utzi eta erantzun gogorrak ematea. Bestetik, ez-ideologizatu itxura eginez, kirola eta politika nahastu behar ez direla diotenak. Itzuliaren kasuan, erraza da erantzutea bigarren taldekoei: ba ote dago kirola eta politika nahasteko ariketa handiagorik txirrindulari talde bati genozidioa egiten ari den estatu baten izena jartzea baino?

Imanol Pradales lehendakariak gogoeta egitea eskatu dio egunotan Israelek 2019an egin zuen esleipena irabazita Palestinako lurralde okupatuetarako trena egiten ari den CAF euskal enpresari. Ondo eskatua.

Eskatuko al die Pradalesek, irizpide bera erabilita, alderdiko alkateei datozen urteotako Espainiako Itzulietako etaparik ez erosteko Israel taldeak parte hartzen badu? Hori litzateke jokabide kontsekuentea edukitzea, beti neurri bera erabiltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.